Antonio Ecarri Bolivar, Juan Guaidok Espainian duen ordezkari pertsonala hartu du astelehen goizean Lehendakaritzan Iñigo Urkullu lehendakariak, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak eta Iñaki Anasagasti senatariak lagunduta. Kanpoan protesta egin dute hainbat kide internazionalistak.
2019ko otsailean Venezuelako Asanblada Nazionalak izendatu zuen Antonio Ecarri Bolivar Espainiako Estaturako ordezkari, Juan Guaido Venezuelako eskuineko presidente auto-izendatuaren babesean. Astelehen goizean elkartu da Ecarrirekin Iñigo Urkullu lehendakaria, Iñaki Anasagasti eta Marian Elorza alboan zituela. Kanpoan hainbat lagunek protesta egin dute "kolpistak ez zarete ongi etorriak" dioen pankartarekin. Arratsaldean beste elkarretaratze bat antolatu dute Bilboko Castaños kalean, 18:30ean.
Babesa fikziozko gobernuari
Juan Guaido Madrilen izan zen urtarrilaren amaieran indar ultraeskuindarrek babestuta. Espainiako gobernua osatzen duten indar politikoek ez zuten ofizialki Guaido jaso nahi izan. Ika-mika horren erdian, EAJk eta Jaurlaritzak mezu argia bidali nahi izan dute Guiadoren ordezkaria Lehendakaritzan ofizialki hartzean: Guaidok ordezkatzen duen Venezuelako oposizio eskuindarrarekiko babesa berretsi dute, existitzen ez den gobernu baten ordezkaritzari zilegitasuna emanez.