argia.eus
INPRIMATU
Juan Carlos Borboikoa: Francok aupatu zuen elefantea
  • 1938ko urtarrilaren 5ean Erroman jaio zen Juan Carlos, Espainiako II. Errepublika aldarrikatu zenean ihes egin zuten errege-erregina borboitarrak Italian zeudela.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2014ko ekainaren 02a
2012an Botswanan egindako elefante-ehizak asko kaltetu du Juan Carlos Borboikoaren irudia.

Hamar urte atzerrian pasata, 1948an erabaki zuten Espainiara itzultzea, Gerra Zibila irabazi ostean Francisco Franco jeneralak eta Juan Borboikoak (artean Espainiako errege) egindako bilkura baten ondoren. Espainiako printzea zen orduan Juan Carlos eta Espainiara ikasketak egitera eramatea adostu zuten diktadoreak eta bere aitak. Alfonso anaia (1941ean Erroman jaioa) bi urte geroago joan zen Espainiara.

Ikasketa militarrak bukatuta, 1956ko Aste Santuan Portugalen zeukaten jauregietako batean oporrak pasatzen ari zirela, tiro egin zion Juan Carlosek anaia Alfonsori, itxuraz nahi gabe, eta hil egin zuen.

Francok aupatua

Franco jeneralak izendatu zuen berrogei urteko diktaduraren oinordeko, nahiz eta berez, Juan Carlosen aitari egokitzen zitzaion tronua. 1975ean Franco hilda, izendatu zuten errege Juan Carlos I.

Koroa Francoren eskutik jaso arren, Juan Carlosek 1981ean jaso zuen espainiar gehienen oniritzia, otsailaren 23ko estatu-kolpe saiakeraren ondoren. “23-F” bezala ezagun den egunean, Diputatuen Kongresuan sartu zen Guardia Zibila, Antonio Tejero teniente koronela buru zuela eta segidan Valentziako Kapitaintza orokor militarrak ere bat egin zuen kolpearekin, tankeak kalera ateraz.

Monarkiaren babesa espero zuten, baina Juan Carlos I.ak Tejeroren kolpearen kontra egindako adierazpenak giltzarritzat jo izan dira Espainiako Estatuko sistema parlamentarioaren behin betiko egonkortzeko. Zenbaitek asko kritikatu dute, halere, egun horietan hartutako jarrera, estatu kolpean esku-hartze zuzena izan zuela salatuz.

Azken urteetako gainbehera

Boterean egon den azken urteak izan dira, ordea, Juan Carlos I.aren izena gehien zikindu dutenak. Ezagun egin dira elefanteen ehiza ibilerak (beheko barkamen-eskea egitera eraman zutenak), batean eta bestean izan dituen aitortu gabeko bikotekideak edo Hugo Chavez Venezuelako presidenteari esandako “¿Por qué no te callas?” famatua.

 

Gainera, Espainiako erregearen alaba Cristina zipriztindu duen Nóos ustelkeria kasuak ere kolpe handia eman die borboitarrei.

Monarkiaren sinesgarritasuna minimio historikoetan dagoen momentuan erabaki du Juan Carlosek abdikatzea. Bere seme Felipe izan da Espainaiko iritzi publikoak azken urteetan salbatu duen bakarra, baina ikusteko dago hori nahikoa izango ote den monarkiari eusteko.  

Borboiak, dinastia baten amaiera

Azken urteotan Borboien familiak aurre egin behar izan dizkio polemika piztu duten hainbat gertakariri. Kasu horiek oinarri hartuta sona handia lortu duen dokumental hau osatu zuen Frantziako Canal+ kateak: