argia.eus
INPRIMATU
Josu Zabaletak Espainiako Itzulpengintzako Sari Nazionala irabazi du
  • Espainiako Kultura Ministerioak Josu Zabaletaren (Legazpi, 1948) urte luzetako jarduna saritu berri du. “Euskarazko itzulpengintzan aitzindaria” izatea eta bere lanean “hizkuntza literario eta poetikoa” sortu eta garatu izana goraipatu dizkio epaimahaiak. 20.000 euro jasoko ditu, honenbestez.

Garbine Ubeda Goikoetxea @garbineubeda 2013ko abenduaren 10
Josu Zabaleta.

Besteak beste, frantses, italiera, gaztelania, portuges, ingeles eta latinetik itzuli du euskarara, hainbat autore ezagunen lana. Hala nola, Petrarca, Pirandello, Saint-Exupéry, Balzac, Baroja eta Twain ditu aipagarrienen artean. Maupasant-en Fantasiazko ipuinak eta Bufalinoren Gaueko gezurrak itzulpenei esker, Euskadi Saria jaso zuen bi bider, 2001ean eta 2008an.

Senez itzulpengintza aldizkariko eta Lur Hiztegi Entziklopedikoaren zuzendari ere izan zen Josu Zabaleta, baita EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen sortzaileetakoa ere. Lanean erretreta hartuta, errusiera ikasten ari da egun.

Zabaletak berak Deia egunkariari azaldu dionez, hamabi urte izango zituen lehen “liburuxka” itzuli zuenean, gaztelaniatik euskarara. Artean ez zekien liburu harekin egindako ahalegina pasio eta ofizio bilakatuko zitzaizkionik. 26 urte zituela ekin zion sistematikoki itzultzeari, batik bat Hordago argitaletxeko euskarazko lanen arduradun zenean. Euskal Literaturako eta Haur eta Gazte Literaturako bilduma bana sortu zituen.

Zabaletak garrantzia kendu nahi izan dio epaimahaiak hari buruz esandakoari: “saria niri eman didate, baina kolektiboa da neurri handi batean, itzultzea ez baita ezinbestean bakarka egiten den lana. Ofizio horretan diharduenak etengabe egon behar du beste itzultzaileekin, “egindakoa kupidarik gabe zuzendu diezaioten, eta blokatzen denean laguntza izan dezan”.