argia.eus
INPRIMATU
Josu Uribetxebarria hil da
  • Josu Uribetxebarria hil da ostiral goizalean, Naiz-ek informatu duenez. 2012ko abuztutik baldintzapeko askatasunean zegoen, bere minbizia zela eta. Gaur 19:00etan Arrasateko herriko plazan omenaldia egingo diote, eta hileta zibila larunbatean izango da, 12:00etan Arrasateko Aldai hilerri zaharrean.

ARGIA @argia 2015eko urtarrilaren 16a
Josu Uribetxebarria, bere etxeko leihoan. (Arg: Goiena)

1997 urtean atxilotu zuen Guardia Zibilak, ETAk bahitutako José Antonio Ortega Lara Espainiako presondegietako funtzionarioa askatzeko burutu zuen operazioan. Epaitua izan ondoren, Ortega Lara eta Julio Iglesias Zamoraren bahiketak eta beste hiru hilketa leporatu zizkioten.

Minbizia atzeman zioten 2005ean, preso zegoela, eta aske uzteko egin zuen eskaera atzera bota zuten. Ebakuntza egin zioten, baina handik 7 urtera gaitza berpiztu zitzaion Leongo Mansillako espetxean zela.

Donostiako ospitalera eraman zuten metastasiarekin giltzurrunean zuen minbizia artatzeko, eta han gose greba abiatu zuen "tratu duina" eta askatasuna eskatuz. Euskal Herrian protesta eta elkartasun ekimen ugari egin ziren berarekin elkartasunez, baraualdiak besteak beste. Hasi eta bi astera gose greba utzi egin zuen sendagileek aginduta.

2012ko abuztuan epaileak baldintzapean aske utzi zuen "giza arrazoiengatik". Ordutik Arrasateko etxean izan da.

Josu Uribetxebarriarena Espainiako ETAren biktimen elkarteek eta hedabide eskuindarrek "gobernuaren ahultasunaren" sinbolo bilakatu dute, eta Euskal Herrian preso gaixoen egoera mahai gainean jartzeko balio izan zuen.

Beste 13 preso daude gaixo larri, Espainiako eta Frantziako espetxeetan.

Uribetxebarria aske uzteko eskatuz kanpaina zabala egin zen Euskal Herrian. Irudian, Donostiako Aste Nagusian jarritako pankarta. (Arg: Wikipedia)