35 urte bete dira Santi Brouard eta Josu Muguruza ezker abertzaleko buruzagi historikoak tiroz hil zituztela. Ane Muguruzak hilketen erantzukizun politikoak argitzea exijitu du.
Ametzola parkean eta Errekalden egin dituzte Muguruza eta Brouarden aldeko omenaldiak. Josu Muguruzaren alaba Ane Muguruzak hartu du hitza Errekaldeko omenaldian, Egiari Zor fundazioaren izenean.
Muguruza eta Brouarden borroka politikoa aldarrikatu du Ane Muguruzak, orainaldiarekin lotuz: "Biek, beste hainbatek bezala, Euskal Herriarentzat defendatzen zuten proiektu politikoak, gaur egun ere talka egiten jarraitzen du genozidak lotuta utzi zuenarekin”.
Memoria eta erantzukizunak
Biktima batzuen umiliazioaz asko hitz egiten dela adierazi du Egiari Zor fundazioko bozeramaileak, baina estatuaren biolentziaren biktimak “umiliatuta sentitzeko arrazoiak” dituztela salatu du. Francoren gorpuari eginiko gorazarrea eta estatuaren indarkeriarekin lotutako pertsonen zigorgabetasuna jarri ditu adibide bezala, besteak beste.
Memoriaz eta indarkeriaz aritu da Muguruza, boterearen aldeko begirada partzialak kritikatuz: “Badirudi indarkeria bakarra dela deslegitimatu beharrekoa. Eta ez, hain zuzen ere, milaka pertsona areka anonimoetan fusilatuta mantentzen dituen indarkeria hori, ezta ere funts erreserbatuekin finantzatu zena edo manifestazioak eta batzarrak desegiteko tiro egiten zuena".
Josu Muguruzaren eta Santi Brouarden hilketen harira, “erantzukizun politikoak argitzea” eskatu dute omenaldian.