argia.eus
INPRIMATU
Jostunen sarea antolatzen ari dira Zumaian, herritar guztiei maskara bana emateko
  • Zumaiako herritar guztiei, haurrak barne, maskara berrerabilgarri bana bidali nahi die etxera Zumaiako Udalak. Horiek fabrikatzeko material egokia lortu du Udalak, josteko makinarik duen edota josten dakienari dei egin diote sarea osatu eta elkarlanean maskarak egiteko.

Axier Lopez @axierL 2020ko apirilaren 22a

Gero eta gehiago zabaltzen ari dira aire zabalean ibiltzeko maskara erabiltzearen aldeko gomendioak. Ildo horri jarraituz, Zumaiako Udalak herritar guztien eskura jarri nahi du, doan,  maskara erabilgarri bana. Zumaian 10.000 bat lagun bizi da egun. Horretarako, herriko enpresa eta jostun boluntarioei dei egin die.

Azken egunetan maskarak, prebentzio neurriei jarraituz, era seguruan sortzeko modua pentsatzen aritu direla dio Zumaiako Udalak, eta behin hori zehaztuta, herriko jostunei eta josteko makinarik duten herritarrei dei egin die sarea osatzeko. Horretarako, formulario hau bete beharko dute herritarrek: labur.eus/zumaiajosi ala telefono honetara deituta: 688 75 77 70.

Udalak jarriko ditu materialak eskura. Ehun egokia eskuratu du jada eta bera mozteko lana Decotena enpresak egingo du. Ondoren, sarean izena eman duten boluntarioen etxeetan entregatuko dute materiala, etxean maskarak josteko. Maskara nola josi azaltzen duen bideo tutoriala ere prestatu dute.

300 aldiz erabiltzeko moduko maskarak

Maskarak sortzeko “Sarga polipropileno motako” ehuna dela argitu du Udalak, “mikroorganismoen aurkako hesi funtzioa bete eta %99,3ko eraginkortasun frogatua” daukana. “EN13795 araua betetzen duenez”, beraz, 300 aldiz garbitu eta erabiltzeko moduko maskarak sortzeko  baliagarria dela azpimarratu dute udaletik.

Haurrei dagokienez, ondoko irizpide orokorrak jarraituko dituzte. Tamaina txikiko maskara 3-5 urte bitartekoentzat, ertaina 6-9 urtekoentzat eta handia 9-12koentzat. 12 urtetik aurrerakoentzat helduek erabiltzen duten tamaina eta eredu berdina izango da.

Maskararekin batera, erabilerarako irizpideak banatuko ditu Zumaiako Udalak.