argia.eus
INPRIMATU
Josep Colomer ANCko kidea: “Kontsulta 2014ko maiatzean egingo dugu”
  • ANCko batzorde iraunkorreko kide da Josep Colomer. ‘Via Catalanaren’ balorazioa eta Kataluniako herritarren hurrengo pausoak zeintzuk izango diren galdetu diogu.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko irailaren 12a

Zein izan da ‘Via Catalana’ ekimenaren balorazioa? Independentzia gertuago dago?

Guk baietz uste dugu. Independentzia inoiz baino gertuago dago. Egun historikoa izan da, beste pauso handi bat geldiezina den bidean. Balorazioa erabat positiboa da. Txalotzekoa da nola adineko pertsonek ere parte hartu duten. Iraganean, bizi izan dituzten gertaera lazgarriengatik, ez da erraza adin horietako kataluniarrak haien nortasun-agiria emateko prest agertzea, baina hala ere, asko eta askok eman dute izena. Bestalde, 30.000 bolondresek lan bikaina egin dute ekimenak funtziona dezan.

Zer aldatu da pasa den urteko Diadatik hona? Aurrerapausoak eman dira?

Iazko Diadako manifestazioan bildu zen jendetzak, harridura sortu zuen bai Katalunian eta baita nazioartean ere. Independentzia lortzeko grina erakutsi genuen, eta horrek oso ondorio garbiak izan ditu. Hauteskundeak aurreratu ziren, eta indar independentisten nagusitasuna frogatu zuten. Horrez gain, CiUk, lehen aldiz, estatu propio bat izateko nahia gehitu zuen alderdiaren programan. Ez hori bakarrik, parlamentuan subiranotasun adierazpena ere onartu da ordutik hona, bi herenen aldeko bozarekin. Gainera, nazioarteko prentsak askoz ere arreta gehiago eskaintzen dio Katalunian gertatzen ari denari.

Gehiengo isila etxean geratu dela adierazi du Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne Ministroak...

Ez dugu kopuruen eztabaidan sartu nahi, baina ibilbidea osorik bete ahal izateko 400.000 lagun behar ziren, besoak ongi luzatuta. Toki askotan, manifestazio baterako adina pertsona pilatu zen, eta nabarmen gainditu zen gutxieneko kopuru hori. Ez du zentzurik ekimenetan parte hartzen ez duten pertsonak zaku bakar batean sartzeak. Ministroaren hitzak nahasgarriak dira.

2016ko plebiszituaren aukera aipatu zuen Masek, baina zuok argi utzi duzue 2014an erreferenduma egitea nahi duzuela. Zein izango da ANCren erreakzioa 2014an egiten ez bada?

Hainbat ekimen ditugu martxan, eta lanean jarraituko dugu Artur Mas konbentzitzeko. Atzoko bilkuran kasua aztertuko duela adierazi zuen, nahiz eta nahiago duen Espainiako Gobernuarekin adostu. Dena den Margallo Espainiako Atzerri Ministroak adierazi du ezinezkoa dela kontsulta baimentzea, eta aukera bakarra aldebakarreko independentzia aldarrikapena dela. Irtenbide guztiak aztertuko ditugu. Bi ezaugarri bete behar ditu kontsultak: modu baketsu eta demokratikoan egitea, eta nazioartearen babesa izatea. Ez dugu onartuko 2016 arte atzeratzea. Gure esku dagoen guztia egingo dugu erreferenduma 2014an egin dadin.

Eta zein izango litzateke kataluniarrei galdetzeko modu eta unerik egokiena?

ANCren bide orrian kontsulta 2014ko maiatzean egiteko asmoa dago. Irailaren 14a ere proposatu dute, eta ez zaigu gaizki iruditzen, baina ez dugu nahi gehiago atzeratzerik. Modu egokiena erreferendum bat litzateke, galdera bakar eta argi batekin: Katalunia independientea izatea nahi duzu?. Gehiengoak baiezkoaren alde bozkatuko balu, independentzia adierazpena litzateke hurrengo pausoa.