argia.eus
INPRIMATU
Joseba Sarrionandiaren baikortasuna literaturan (eta etsipena politikan)
  • ETB1eko Sautrela telebista programak elkarrizketa egin dio Joseba Sarrionandiari. Larunbatean emango dute lehen zatia, 15:00etatik aurrera.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2015eko otsailaren 13a
Joseba Sarrionandia 1980ko hamarkadan (argazkia: Josu Landa / ARGIA).

Iurretan jaio eta 1984etik ihes eginda dagoen idazleak esan dituenen aurrerapen bat eskaini dute ostiral goizean, Euskadi Irratiko Faktoria irratsaioan.

Hasier Etxeberria Sautrela saioko zuzendariak azaldu duenez, elkarrizketaren mamia idazlearen produkzio literarioari buruzkoa da, programaren izaerarekin bat eginez. Baina hartu dute tarterik bestelako galderak egiteko ere.

Euskadi Irratian aurreratutako bi pasarteetan, atzera begira jarri da Sarrionandia, idazten hasi zen garaiko testuinguru kulturala egungoarekin alderatuz: “Gu idazten hasi ginenean gutxi argitaratzen zen eta kalitate eskasekoa zen gehiena. Gaur egun asko idazten da eta maila ona du jende askok. Nik uste asko aurreratu dugula, lehen autore batzuk destakatzen ziren, gutxi zirelako baina bazeuden hutsune nabarmenak literaturaren alorrean. Gaur beste literaturen parekoagoa eta antzekoagoa da gurea”.

Politikarekin etsita

“Nola ikusten duzu gure herria, zauden leku honetatik?”, galdetu dio Etxeberriak Faktorian aurreratu duten beste pasartean: “Euskaldunak pertsona errealistak, pragmatikoak eta auzolanekoak gara normalean; eta politikaren inguruan ostera, irrealistak, alferlan zaleak eta bata bestearen kontrako borrokari prestuak bihurtzen gara maiz”.

Politikaren eremuan erabiltzen den hizkeraren gaitzak ere seinalatu ditu: “Beste alorretan hitz bat erabiltzen duzu eta badakizu zer esan nahi duen, mailua, pospoloa edo karakola. Politikaren alorrean ostera, esaten dira hitzak hustuta bezala, esanahirik gabe”.