Joseba Sarrionandia: "Argazkiarekin, espero dut espektakuluaren gizarteari zor diodan zerga ordaintzea"

  • Joseba Sarrionandia (Iurreta, 1958) gordeta zegoen armairuko giltzarrapoa zabaldu du Jose Goitia Amikuzeko kazetariak; elkarrizketaz gain, Kuban bizi den idazlearen hainbat erretratu ZuZeuren eskura jarriaz.

    Etxepare institutua medio La Habanako unibertsitatean hasiko da lanean Sarri astearte honetan bertan, eta honezkero bazen garaia gaur gaurko irudi bat eduki genezan. Hemen duzu Goitiaren eta Sarriren arteko solasaldi interesgarria.

Zuzeu
2016ko azaroaren 21a

Bat batean publikoki agertzen da Sarri La Habanan bizi dela, nun zinden?

Urteak dira Habanan bizi naizela, bizimodu normala eginez. Harritzen naiz diotenean ezkutaturik bizi naizela, edo ez dudala argazkirik ateratzen uzten. Aspaldi ez naizela ezkutatuta bizi, horrek ez du esan nahi prentsan agertzea gustatzen zaidanik.

Nolaz hain diskretuki bizi zara, dakitanaz duela 16 urte ez duzula gehiago arazorik Espaniako auzitegiekin?

Idaztea hartu dudanez zeregintzat, nahikoa dut horretarako gela bazter bat lasai esertzeko, eta ja, idatz dezaket. Gustura egoten naiz idazten, edo lagunekin ateratzen naiz, edo ilargiari begira ibiltzen. Baina ez dakit zertarako azaldu behar dudan nik prentsan, ez bada liburu bat azaltzeko edo.

Milan Kundera erdi gorderik bizi da, bainan hala ere noizean behin argazki bat edo beste prentsari helarazten dio. Salman Rushdie, islamistek mehatxatua, berdin. Zuk sekulan ez duzu egin, zutaz beti agertu da Jesus Uriartek kartzelan egin zuen argazkia.

Estimatzen dut nire argazkiak eduki eta argitaratu ez dituen jendea, laguna errespetatzea da hori. Eta zeuri ere eskerrak eman beharko dizkizut Babelia eta New York Times lakoetan agertzen diren idazleekin konparatzeagatik ni. Ni mendialdeko hizkuntza bateko eskritore umila naiz eta ez dut nire burua audiobisualetan ikusten. Aterako didazun argazkiarekin, espero dut espektakuluaren gizarteari zor diodan zerga ordaintzea, ez dezatela esan ez dagoela nire argazkirik eta kito, ea lan egiten uzten didaten. Hiru behintzat atera, bestela txotxoloren bat etorriko da hogeita hamar egitera.

Euskadi Saria ukan duzunean, Patxi Lopezen denboran, eskandalo bat armatu zen eta nahi izan zuten dirua konfiskatu. Gero atera zen berria, Mondragon-en emango zinuela konferentzia bat, eta orain Habanan egongo zira katedra baten buru, nola dira gauz horiek?

Prentsako globoak dira, nire lanarekin edo bizimoduarekin zerikusi gutxi dutenak. Prentsa horia esaten zen lehen, politika horia ere esango nuke nik, politika ere gai batzuen inguruan oso horia delako. Yellow, ingelesez, kolore horia izateaz aparte, krudela eta kobardea ere bazen: titular sentsazionalistekin, errepikatzearen errepikez normaldutako gezurrekin, bestearen asmoa itxuraldatzea da gauza. Zaborraz hitz egitea da gauza. Orain mende eta piko William Randolph Hearst aipatzen zuten, baina oso hearst da medioen giroa aspalditik.

 

«Ez zait gustatzen gauzak mundu guztiari kontatzea, nahiago dut idatzi, gauzak pertsona bati kontatzen dizkiodalako zentzazioarekin. Nire liburuak arreta apur batekin irakurtzen dituena, ohartuko da non ibili naizen».

 

Jende aunitzek egiten duen galdera: nun bizi izan zira orain arte?

Ba han eta hemen, beste guztiek bezala. Bizi izan naizen leku guztietan aurkitu dut jendea, nire antzekoa edo desberdina. Ez zait gustatzen gauzak mundu guztiari kontatzea, nahiago dut idatzi, gauzak pertsona bati kontatzen dizkiodalako zentzazioarekin. Nire liburuak arreta apur batekin irakurtzen dituena, ohartuko da non ibili naizen.

Nola da Habanako lan berri hori? Nolaz zu hautatua izan zira?

Ba, irakurle lanpostu bat konbokatu zuten Habanako unibertsitatean, Etxepare Institutuak, eta, besterik gabe, oposizioetara aurkeztu nintzen. 39 lagun aurkeztu ziren, esan zidatenez. Puntuazioaren arabera, 3 pertsona aukeratu zituzten Euskal Herrian. Eta gero, Habanako Unibertsitateak 3 horietatik bat aukeratu behar zuen eta, puntuazioa haintzat hartuta, lanera etortzeko abisatu zidaten uztailean.

Kondatzen ahal didazu xuxen zer egingo den, zer den proiektua?

Ikasgai optatiboa izango da Euskara eta Euskal Kultura bi karreratan, Lengua y Literatura eta Historia del Arteko hirugarren urtean. Ingelesa derrigorrezkoa da, baina beste hizkuntza batzuk ere aukera daitezke: gailegoa, katalana eta turkiera. Hortik aparte, espero dut ekitaldi kultural batzuk antolatuko ditugula, eta argitalpenak…

Zuen lanak publikatuko dira?

Gure ideia da aldizkari bat argitaratzea, Kokuioa izenekoa, badakizu, gauetan hor gaindi hegan pasatzen den koleopteroa, argi berdearekin. Ipurtargiak ipurdian izaten du argia, eta kokuioak buruan, ezta?, jejeje. Espero dut aldizkariak gutxi ikertu diren gai linguistiko, literario eta historiko batzuk argituko dituela apur bat.

Konferentziak antolatuko dituzu?

Espero dut baietz, esate baterako Blas de Oteroren inguruan egin nahi genuke, hiru urtetik gora bizi izan baitzen Habanan, 1964tik 1968ra, bere bizitzako epe interesgarria, baina aldizka oso mingarria. Horretaz oso gutxi argitaratu denez, elkarrizketa bildu nahi genituzke bera orduko bere lagunak.

Guka ari zarenez, lankideak dituzu?

Ba, lan lanean ez, baina ez naiz nika hasiko izan ditudan laguntzaile boluntarioekin. Fakultateko irakasleek nahiz bertan bizi diren euskaldunek lagundu didate eta haiei esker daukagu ja lokala eta biblioteka. Ilusio eman dit, euskararen irakurletza honen alde, hainbat pertsonaren elkartasunak, emankortasunak edo dena delakoak.

“Kolosala izango da”, nik euskaraz irakurtu dut, espainolera itzuli duzu?

Daniel Escribanok egin du itzulpena. Irakurri ez duten beste guztientzat esan daiteke gerra zibilari buruzko ume baten kontakizuna dela. Hamabi edo hamahiru urteko ume inozentea desastreari begira Ondarru eta Mutriku arteko kostako herri imajinarioan. Tituluan irabazleen triunfalismoa aipatzen da, 1937ko batailak amaituta gero Alemaniatik zetorrelako desastre are eta kolosalagoa.

Poesia antologia bat osatu duzu gaztelaniara itzulpenarekin. Zein izanen da titulua?

Hilda dago poesia?, deitzen da. Eta Pamiela argitaletxean argitaratuko da. Ez pentsa ni izan naizenik, eh?

Segur zuk baduzula zerbait ikustekorik…. modu batean edo beste. Nik moruena irakurri nuen, krixtoren lana, zer ikerketak! Nola deabru lotu zira holako liburu baten idazteari?

Astia izan nuen, kolonialismoa deitu izan diren botere harreman horiek hemeretzigarren mendearen erdi aldetik aurrera nola zabaldu ziren jakinminarekin batera. Bide batez, lehenengo gramatika arrifia heldu zitzaidan eskuetara, eta hari hori eskuan joan nintzen ikertzen: okupazioa eta erresistentzia, ekonomia eta erlijioa, hizkuntza eta politika, batez ere Afrika iparraldean, baina Arrifen gertatzen dena munduko beste edozein partetan gertatzen da. Moroak besteak dira beti, baina geu gara benetako moroak. Botere harremanen arabera bizi gara eta, gure gizartearen oinarriak konprenitzeko obsesio hori izan nuen.

Duela urtebete argitaratu zen ‘Lapur banden etika ala politika’ (Pamiela) , euskaraz bakarrik, ez da itzulia izan. Bi hitz hortaz?

Ideia hori, erakunde politikoek lapur banden etikarekin funtzionatzen dutelako ideia, filosofia politikoaren historia osoan agertzen da. Platonen Errepublikan ja esaten da hala izan behar dela. San Agustinek ipuin polit bat utzi zuen, Alejandro Magno eta pirataren arteko solasa. Kapitalismoa ideia horren gainean eraiki da, Adam Smithekin hasi Friedrich Hayek arte, bandaren etikak hazkunde ekonomikoa bultzatzen duelakoan. Eta okerrena da egia dela, zeren Libiako suntsidura, esate baterako, enpresa amerikano eta europarrentzat aukera ederra da hazkunderako, eta lanpostuak sortzeko, esaten duten bezala. Erakunde politiko guztiek dute Cosa Nostra aire bat, sozialismo erreala ere kontraesan horietan ito zen, eta bueno, horixe da liburuaren gaietako bat, autokritikak ere badaude. Galdera da ea posible ote den beste era batean egitea politika.

Zure aita hil da uda huntan, noiztik ez zinuen ikusten?

31 urte eta egun batzuk, eta zor handi batekin utzi nau, denbora horrengatik. Ama eta iloba asko ditut han oraindik.

Zergatik ez zara Euskal herrira itzultzen?

Arrazoi politiko konkretu batengatik. Espero dut berandu baino goizago konponduko dela.

 

«Bake prozesua beharrezkoa zen, eta hogei urte lehenago egin izan balitz hobe, nire ustez, desgrazia pila bat izango genituen gutxiago».

 

ETAko kide bezala ikusten zaitu oraindik jende askok, batez ere Espainian, zer diozu duela 5 urte hasi den etapa berriari buruz? Borroka armatuaren uztearen alde zira?

Ni ETAko komando batean ibili nintzen 70eko hamarkadaren amaieran, orain kriminalizatzen nauten batzuk bezala. Gero, luzaroan, alde batetik bestera ihesean eta ezkutuan ibili banaiz ez da izan ETAkoa izateagatik, baizik eta polizia espainolak harrapatu nahi ninduelako. Zure galdera erantzuteko, bake prozesua beharrezkoa zen, eta hogei urte lehenago egin izan balitz hobe, nire ustez, desgrazia pila bat izango genituen gutxiago.

Barkatu, baina zergatik ez duzu orduan urte haietan publikoki zure ikusmoldea deklaratu?

Zer esan behar nuen nik publikoki, sanbenitoa saman ipinita Inkisizio Espainolari begira, XVII. mendeko sorgin bat bezala jazartzen ninduten eta! Gainera, zer da hori, kondenatuak errekondenatze hori? Nik ez dut inkisidoreentzat lan egingo. Estatua ETAkoen aurka ari zen eta, bide batez, ETAkoak ez ziren askoren aurka. Duela bost urte ETAren aitzakia ez dutela eta berdin segitzen dute. Katalanek ez dute garbantzu bat ere disparatu eta ja ehunka auziperatu dituzte ordezkari politikoak hiritarren erabakimen librea antolatu nahi izateagatik.

Biolentzia gora eta biolentzia behera ari dira, eta eurak dira biolento bakarrak. Presupuesto polizial eta militar itzelekin, monopolioaren biolentzia hain arinki asumituz ze Afganistan edo Irak ere bonbardatzeko eskubidearekin sentitzen dira. Motiboak pilak bezala apur bat errekargatu eta kapaz lirateke Bartzelona edo Gernika berriz bonbardatzeko. Ez dakit duda pizten zaien ere zergatik nahi dugun independentzia euskaldun, katalan eta gailego askok. “Mi mundo no es de ese reino“, esan zuen José Bergamínek ere, oso espainola izanda ere.

Konstituzioaz edo Guardia Zibila onartu arte, espainolak Espainian zer ondo sentitzen garen esan arte kriminalizatuko naute, baina halakorik ez dago nire asmoetan.

Harritu nintzen Interneten, argazki zahar bateri so egitean, ikusiz nola 1985ean, ihesaren berri ematean, El Correo Español kazetan argitaratu argazkian, dudarik gabe arpegia kolpaturik zenuela. Zer zen hori?

Erretratua 1980koa da, atxilotuta nengoen bigarren edo hirugarren egunean atera zidaten, eta gero beste sei egunez jarraitu zuten torturatzen. Euskal gaiagatik detenitzen zuten jendearen gehiengoa torturatzen zuten sasoi hartan, nire ustez. Eta ez zekitela esaten dute batzuek, torturatuen aurpegiak argitaratzen zituztenean prentsan! Normala zen, eta urterik urte izan da ohikoa tortura. Eta seguru jarraitzen dutela torturatzen. Orain argazkirik ez dute argitaratuko beharbada. Orain egun batzuk ez zuten ba poliziek senegaldar bat hil Iruñeako komisaldegian? Ez omen dakitenek alderantziz gertatu izan balitz jakingo zuketen, ez?

 

«Euskal gaiagatik detenitzen zuten jendearen gehiengoa torturatzen zuten sasoi hartan, nire ustez (…). Normala zen, eta urterik urte izan da ohikoa tortura. Eta seguru jarraitzen dutela torturatzen».

 

Zer diozu gaurko euskal presoen arazoari buruz?

Gerra bat edo konflikto politiko bat dagoenean justizia trantsizional bat egoten da, ez? Baina Espainiak ez du nahi bakerik, eta hanka bakarrarekin ibiltzea bezalakoa izango da orduan bake prozesua.

Presoak libre utzi behar lituzkete. Artean, niretzat, bahitu politikoak dira. Egia da desastre asko egin direla, baina beste harreman batzuk eraiki behar dira eta, gainera, injustizia konparatiboagatik ere libre egon beharko lirateke. Zeren, indibidualki, nork hil du jende gehiago Enrique Rodriguez Galindok baino, eta denbora apur bat egin zuen detenituta. Herriko tabernan kalimotxoa zerbitzeagatik ere sartu dute jendea kartzelara. Felipe González, berriz, auziperatu ere ez dute egin.

Ez dut espero presoak libre utziko dituztenik, Estatu Espainolak ez du bere burua prozesatuko hilketengatik, torturengatik eta egin dituzten injustiziengatik. Eta ez dakit zelan konpon daitezkeen gauzak, baina 70. hamarkadan elkartasuna, pentsaera desberdinak izan arren horren alde elkarlanean aritzeko ahalmena, eta horma bota arte behin eta berriro bultzatzeko kemena.

30 urte pasa dira argazkirik gabe, lan publikorik gabe eta gaur zer? Bizi modu berri bat izanen duzu?

Berdin berdin jarraituko dudala uste dut. Ni agertzen naizen argazkiak ez zaizkit bereziki gustatzen. Idazten jarraituko dut, horretan zerbait aportatu ahal izango dudalakoan.

 

Albiste hau Zuzeuk argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Joseba Sarrionandia

Joseba Sarrionandia kanaletik interesatuko zaizu...
2018-04-13 | Uriola.eus
'Gure oroitzapenak', Joseba Sarrionandiaren obran oinarritutako film kolektiboa

Hamabi zinemagilek, Adabaki ekoiztetxearen ekoizpenarekin, Joseba Sarrionandiaren poemak eta ipuinak film kolektibo batean zinemara ekartzea erabaki dute. Aste honetan aurkeztu dute proiektuaren trailerra. Filma udazkenerako amaituta egotea espero dute egileek. 


Joseba Sarrionandiari buruzko dokumentala estreinatuko dute larunbatean Iurretan

Joseba Sarrionandia, hemen eta han idazleari buruzko dokumentala estreinatuko dute larunbat honetan Iurretan. Askondon izango da, 18:30ean.


2017-10-20 | Anboto
"Autoreak baino gehiago, irakurleak imajinatzen duena da liburua"

Duela urte bi eskainitako elkarrizketan kontatu zigun idazmakina zahar bat duela etxean, tekletako letrak borratuta dituena. Baina, irakurle sentitzen dela idazle baino gehiago. Bide horretatik, jardunaldiek eragindako sentsazioez gainera, literaturaz gogoeta egin du hurrengo lerrootan, eta gomendio batzuk ere badakartza. Habanatik (Kuba) izkiriatu eta bidali ditu erantzunak sorterrira, limoi ura erabiltzeko beharrik barik, 2016ko azaroaz geroztik publikoki jarduten baitu jendaurrean... [+]


2017-03-03 | Mikel Asurmendi
Ile beltzetik ile zurira, bidaztiaren baitako izuak

Joseba Sarrionandiaren "Izuen gordelekuetan barrena" poesian gaindi ibili naiz bidazti, basamortuan edota itsasaldian. Liburua argitaratu zenean, irakurrezina zela esan ei zion mundu guztiak idazleari. Haatik, 37 urte ez dira alferrik igaro euskal literaturaren eremu laiotzan.


2016-11-02 | ARGIA
Joseba Sarrionandiak Etxepare Institutuaren irakurletza zuzenduko du Habanan

Etxeparek institutuak jakinarazi duenez azarotik aurrera Habanako Unibertsitatean zabalduko duen irakurletzan ariko da idazle iurretarra Euskara hizkuntzaren historia ikastaroa ematen.


Josu Martinez
"Ihesaldi baten berri duzunean, sinpatia sentitzen duzu protagonistarekiko"

Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak izenpean, hamar lagunen ihesaldiak edo ihes-saiakerak batu ditu liburu batean Josu Martinezek (Bilbo, 1986), Tene Mujika bekaren laguntzarekin. Hamaika behar zuten hasieran, baina hamaikagarren istorioko protagonistak zain duen auzia ebatzi arte bere ihesaldia ez argitaratzeko eskatu zion. Liburua memoriaren berreskurapenerako ekarpen txikia dela dio, “irri batekin irakurtzeko liburua.


Katalanera itzulitako euskal narratiba garaikidearen antologia aurkeztuko dute Bartzelonan

Pomes perdudes (Sagar galduak) liburua aurkeztuko dute ostegunean Bartzelonan. Katalanera itzuli den euskal ipuingintza garaikidearen antologia da. Tigre de Paper argitaletxeak argitaratu du eta Euskal Herriko gatazka politikoaren inguruan mamitutako ipuinak dira nagusi.


2014-07-16 | Judith Perez
Sarrionandiak Huheziren ikastaroetan parte hartuko du, “birtualki” bada ere

Joseba Sarrionandiaren itzulera Euskal Herrira ez dagoen arren baieztatuta, Huhezik antolatutako Euskal Kulturgintzaren Transmisioa ikastaroetan parte hartuko du. Josu Zabala errektoreak adierazi du gaur egungo baliabide teknologikoak baliatu daitezkela Sarrionandiak bere bi hitzaldiak “birtualki” eman ditzan, baina espero duela bertaratu ahal izango duela.


2014-07-10 | ARGIA
Joseba Sarrionandiak bi hitzaldi emango ditu Eskoriatzan, Huheziren EKT ikasketetan

Joseba Sarrionandia idazleak Huhezik antolatutako Euskal Kulturgintzaren Transmisioa (EKT) ikasketetan parte hartuko du, Julen Arexolaleiba koordinatzaileak Goienan iragarri duenez. Oraindik "tramite batzuk" egiteke daude, dena den.


Joseba Sarrionandia ardatz, Hendaiako V. irakurraldi publikoan

Hendaiako irakurraldi publikoak Joseba Sarrionandia idazlearen gainean osatu du aurtengo edizioa, eta ohiko txandakakako irakurketaz gainera, hitz hartze literarioak eta poema errezitatu eta kantatuak eskainiko zaizkio bertaratzen denari, bihar, asteazkena, ekainak 4 dituela.


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude