Joseba Barandiaran ekonomialariari Info7 irratian elkarrizketa egin diote. Fagor Etxetresnak kooperatibak bizi duen egoeraz egin du analisia. Esan duenaren zati esanguratsu batzuk jaso ditugu:
Enpresaren egoeraz
“Enpresa hil ala biziko egoeran dago. 800 milioi euroko zorra du Fagor Etxetresnak kooperatibak. Zor kopurua handia da baina ez dakit arazoa benetan zorra den ala arazoak eragin duen zorra. Birfinantzaketaz ari dira azken egunetan, baina jakin badakigu aurretik beste errekurtso batzuk ere gastatu dituela, lauzpabost urte baitaramatza enpresak etekinik gabe. Soldata jaitsierak egon dira, birfinantzaketak ere bai… Baina zorrak dirudienez gora jarraitzen du, salmentak ez dira igotzen, Espainiako merkatua ahula da eta akaso negozio ereduak berak arazoak izango ditu. Beraz, zer pentsatua ematen du, urteak baitira jada antzeko egoeran eta baliteke arazoak berak zorra sortu izana”.
“Beste zenbait erreminta ere erabili ditu: menpeko zorra, bankuen diru laguntza zein beste kooperatibena eskatua du… Egoera ekonomiko orokorra zaila da eta enpresaren aurreikuspenak ere nahiko beltzak dira. Ez dirudi hurrengo 6-12 hilabeteetan salmentek gorakada nabaria egingo dutenik, eta ‘komodin’ asko gastatuak izanda, bistan da egoera larrian dagoela”.
“Ez naiz kontu juridikoetan aditua, baina Espainiako hartzekodunen legeari heltzen dion hamar enpresatik bederatzi kitatu eta desagertu egiten da. Nahiko zaila da konkurtso lege egoera batetik aurrera ateratzea. Berritasun handirik ez dagoen bitartean, ez dirudi lau hilabetean erraz konpontzeko gaia denik”.
“Kooperatibismoarentzako erronka gogorra izango da Fagor ez baita edozein kooperatiba Mondragon Korporazioaren barruan”.
Instituzioen erreakzioez
“Instituzioek diru publikoarekin jokatzen dute. Egia da 2.000 langileren etorkizuna dagoela jokoan eta zaila dela erabakia, baina dirua ematekotan, inbertituko litzatekeenari ere erreparatu behar zaio ea ez ote den dirua zulo beltz batean sartzea izango. Hori da bankuek, beste hartzekodunek, kooperatibistek eurek edo instituzioek pentsatuko dutena. Izango balitz orain sartutako diruarekin enpresak aurrera egingo lukeela eta diru horretatik etekinak aterako direla, beste modu batera jokatuko lukete”.
“Pentsatu beharko da zein plan sozial behar den jende kopuru handi bati eragingo dion egoerari aurre egiteko, eta agian ez da aukerarik onena dirua Fagorri berari ematea, eta prestatu beharko da, akaso, lur hartze bat”.
Langileen egoeraz
“Langileak kooperatibistak izanda enpresa erortzen bada langabezian geratuko dira sozioak. Horretaz gain, beren partaidetzaren balioa hutsa izango da. Suposatzen dut, halere, horrek zor gehigarririk ez diela sortuko. Esan beharra dago baina, familia askotan kide bat baino gehiago direla sozio, eta gainera Gipuzkoan geografikoki oso kokatuta dagoela Deba barrenean”.