argia.eus
INPRIMATU
José Ricardo de Prada: “Kontrola daitekeen tribunala da Auzitegi Nazionala”
  • Azken hamarkadetan Espainiako Estatuak ETAren aurka izan duen jarrera aztertu nahian, hiru legelari aritu dira ostegunean Tolosako Bizikidetza Foroan. Carmen Lamarca Zigor Zuzenbidean katedraduna, José Ricardo de Prada Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea eta Iñigo Iruin abokatua izan dira hizlariak.

Iker Oñate Aiastui @iker_onate 2016ko apirilaren 15
Hiru legelari aritu dira ostegunean Tolosako Bizikidetza Foroan. (Arg: Naiz)

1990. urteaz geroztik Espainiako Auzitegi Nazionaleko kide den José Ricardo de la Pradak esandakoak azpimarratu ditu Ramón Sola kazetariak Garan idatziriko kronikan. “Tribunalean epaileak sartzea errentagarria dela ikusi dute alderdiek. Ez dut gehiago sakondu nahi, baina kontrola daitekeen tribunala da Auzitegi Nazionala”, adierazi du epaileak.

Urteen poderioz terrorismo kasuak epaitzeko irizpideek jasaniko bilakaeraz ere mintzatu da de Prada: ”Lanean hasi nintzenean, polizien bertsioek ez zuten baliorik, baina orain beraiek esanikoa balizko froga da pertsona bat kondenatzeko”. Gaineratu du terrorismoarekin amaitzeko “ingurune politikoari” eraso egin behar zitzaion ideia nagusitu dela azken urteetan.

Bestetik, tortura ere jorratu dute hizlariek. Epaitu dituen auzi askotan “tortura egon den susmo argia” izan duela onartu du de Pradak. Bide horretan, kritikatu du epaitegiek ez diotela ongizate estatu bati dagokion erantzuna ematen gisako salaketei.

“Tribunalek Legea berrinterpretatu dute akusatuen kaltetan. ETAko kide historiko askok kondena bete zutenean sortu zen “Parot doktrina. Gogoratzen dut horien irteera saihesteko zerbait egin beharra zegoela esan zuela ministro batek”, adierazi zuen de Pradak. Bere aburuz, oraindik indarrean dauden “salbuespeneko” interpretazio eta neurri juridikoekin amaitu beharra dago, “konponbide prozesu batean gaudelako”; Kolonbiako kasua ekarri du gogora epaileak.

“Dena da ETA”

Bere aldetik, Iñigo Iruin abokatuak bi esaldi azpimarratu ditu azken urteetan gertatu dena laburbiltzeko: “Dena da ETA” eta “Denak balio du ETAren aurka”. Bere arabera, “emergentzia desagertu da (ETA), baina ez salbuespena”. Hori hala, Auzitegi Nazionalak mahai gainean duen gai nagusienetako bat presoen auzia dela iritzi du.

Carmen Lamarca katedraduna ere mintzatu da gaiaren inguruan. “Terrorismoa gorestearen gaiak ihes egin digu eskuetatik eta sare sozialetan puritanismora heltzen ari gara; gustu txarreko txisteak egongo dira, bai, baina hori delitua al da?”, azaldu du. “Normaltasunera itzultzea” eskatu beharra dago bere esanetan.