Jose Ramon Becerra ingeniari bizkaitarrak Bihar 10 000 enplegu klimatiko Ipar Euskal Herrian txostena aurkeztuko du egunotan Iparraldean. Bizi! mugimenduak eskaturik prestatu azterketaren emaitza 9an, osteguna, Ainiza-Monjolozen Euskal Herriko Laborantza Ganbarak duen egoitzan azalduko du eta 10ean, ostirala, Manu Robles Arangiz Fundazioak Baionan daukan bulegoan.
Jose Ramon Becerra Equo alderdiaren EAEko bozeramailea da eta Ekokonsumo federazioaren idazkari ere izana da. Berrikitan Enbata aldizkariak elkarrizketatu du Ainiza-Monjolosen aurkeztu beharreko ikerlana dela eta. Erantzunetako batean dio Becerrak: "Ikerketa abiapuntua da, besterik ez. Horretan datuak bildu ditugu, eta horren bitartez informazioa hedatu nahi dugu gizartean, modu ulergarri batean. Gero eztabaida pizteko eta aberasteko garaia da. Gizartean langabeziaren arazoak ezagunak dira, baina ekonomia eta ekologiaren arteko lotura igual ez da hain nabarmena. Beraz, kontzientziazioa sortu behar dugu bigarrenik. Ikerketan proposatzen diren irtenbideak egiteko modukoak dira, baina finantziazioa behar da. Prest al daude agintariak aurrerapausua emateko, politikak aldatzeko eta behar diren tresnak (ekonomikoak, administratiboak…) martxan jartzeko? Hori da azken kontua, funtsezkoena".