argia.eus
INPRIMATU
Jose Antonio Urbiola hil da, Nafarroako EAJko lehendakari ohia
  • 81 urte zituela hil da Jose Antonio Urbiola Matxinandiarena (Agoitz, 1937), Nafarroako parlamentuko lehendakariorde eta EAJko lehendakari izandakoa.

ARGIA @argia 2019ko apirilaren 04a

Zuzenbidean lizentziatua, 1961ean sartu zen EAJn. 1973an atxilotu zuten eta ondoren Ipar Euskal Herrira egin zuen ihes. 1974an Venezuelara joan zen; 1976an Euskal Herrira itzuli eta HBn sartu zen. 1980 eta 1981 artean Nafarroako Parlamentuko lehendakariorde izan zen. ETAren jardunarekin, baina, kritiko agertu zen, eta 1983an –HB utzita– Venezuelara egin zuen berriro ihes. 1988an Euskal Herrira itzuli eta EAJn sartu zen. 1992tik 2004ra izan zen NBBko lehendakaria.

Unai Hualde gaur egungo NBBko lehendakari eta Nafarroako Parlamentuko lehendakariak eman du Urbiolaren heriotzaren berri.

"Sozialista Abertzaleek baiezkoa eman behar diote Ibarretxe Planari, derrigorrez"

2004an Xabier Letona kazetariak Urbiolari egindako elkarrizketa plazaratu zuen ARGIAk, hiru hilabete falta zirenean Eusko Legeiltzarrean "Ibarretxe Plana" bozkatzeko. "Sozialista Abertzaleek baiezkoa eman behar diote, derrigorrez, eta Plana onartu egingo da, herri honetan sinesten dugunok, gure artean desberdintasun handiak izan arren, sinesten ez dutenak baino gehiago garelako", zioen Urbiolak.

Hilabete batzuk lehenago, Arzalluzek zioen EAJn bazirela Ibarretxe Planaren aurkako sektoreak. Horri buruz galdetuta, hauxe zioen Urbiolak:

"Bai, posible da, baina esandakoa ñabartu egingo nuke eta baieztapena orokortu. Hau da, batzuen ustez Ibarretxe Planak arazoak eta zailtasunak ekarriko ditu. Ez zaie arrazoirik falta, batez ere ikusita Gobernu zentrala erabiltzen ari den mehatxu politika. Beraz, horren aurrean ez nau harritzen batzuk beldurtzea. Bere garaian Gobernu britainiarrak argi adierazi zuen Ipar Irlandan ez zuela interesik eta bertako populazioak erabaki behar zuela bere etorkizuna. Hemen ere Espainiako Gobernuak halakorik egingo balu, Ibarretxe Planak, edo independentziak berak ere, botoen %51 baino, botoen %60 edo %70 lortuko lukeela ziur naiz. Guk lortu behar dugu populazioak ez sinestea Espainiako Gobernuaren ahoberokeriak".