Bihotzeko baten ondorioz hil da, Ziburun (Lapurdi). 91 urte zituen.
Jose Antonio Sistiaga bihotzeko baten ondorioz hil da Ziburun (Lapurdin), 91 urte zituela. Margolaria eta zinemagilea izan zen, Gaur taldearen sortzailea eta ZAJ taldeko kide, besteak beste.
Parisen egin zituen pinturako ikasketak. 1958. urtean lehen erakusketa aurkeztu zuen, pintura figuratibo eta abstraktuekin. Madrilen 1999an aurkeztu zituen olioa eta tinta erabiliz kolorea oinarri zuten bere azken lanak.
Zinemagintzari dagokionez, hamar film egin ditu, gehienak pintura oinarri. Bere luze bakarrak Ere errera baleibu izik subia arua du izena, eta oraindik ere eskuz margotutako film luze artistiko bakartzat hartzen da.
"Artista baten obren artean errepikapenik balego heriotza litzateke"
ARGIAk elkarrizketa laburra egin zion Sistiagari 1994an, Donostiako Olaetxea arte galerian bere hainbat film, serigrafia, marrazki eta margo jarri zituenean ikusgai. Hemen artea eta sorkuntza ulertzeko moduaz J.J. Petrikorena kazetariari adierazi ziona: " Edozein artistaren lana hurbiltzen da ezagutzen ez duenera. Ez dago errepikapenik, egongo balitz heriotza izango litzateke. Nahiz eta aurreko obrekiko lan metodoa antzekoa izan, gai bat dago, gaiari lotuta zaude, eta aldi berean independente izan behar duzu, sormen askatasuna zaindu behar duzu. Beraz, logikoa da azken aldian egindakoa aurrekoaren kontrajarria izatea".