argia.eus
INPRIMATU
Jordi Cuixart, hirugarren graduan irten berritan TV3n eginiko elkarrizketan: “Berriz egingo dugu”
  • Uztailaren 17 goizean irten ziren kartzelatik hirugarren graduko baimenarekin Kataluniako independentzia erreferenduma antolatzeagatik atxilotutako preso politikoak. Gauak espetxean eman beharko dituzte eta Fiskaltzak hirugarren graduaren aurkako helegitea aurkeztu dezake. TV3 kate publikoak audientzia handiko telebista saioan elkarrizketatu ditu Jordi Cuixart, Josep Rull eta Raül Romeva.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 20a

Uztailaren 17 goizean irten ziren kartzelatik hirugarren graduan Kataluniako independentzia erreferenduma antolatzeagatik atxilotutako preso politikoak: Carme Forcadell parlamentuko presidente ohia, Oriol Junqueras Kataluniako Gobernuko presidenteorde ohia, Jordi Cuixart Omniumeko presidentea, Jordi Sanchez ANCko presidente ohia, eta kontseilari ohiak: Joaquim Forn, Raul Romeva, Jordi Turull, Josep Rull eta Dolors Bassa.

Hirugarren graduarekin, asteburuak etxean igaro ahal izango dituzte eta egunez ateratzeko baimena izango dute astean zehar, baina gauak espetxean eman beharko dituzte. Espetxetik irten orduko, guztiek nabarmendu zuten hirugarren gradua ez dela "askatasuna".

TV3ko FAQs saioan

Uztailaren 18 gauean, kartzelatik atera berri ziren Jordi Cuixart, Josep Rull eta Raül Romeva elkarrizketatu ditu Kataluniako telebista publikoak, FAQs saioaren denboraldia indartsu amaitzeko.

Jordi Cuixartek "Berriro egingo dugu" berretsi du saio horretan. "Baina berriro egin, zer?" galderari horrela erantzun dio (bideoan ikusgai katalanez): "Oinarrizko eskubideak praktikan jartzea, hori delako eskubideok babesteko modu bakarra. Berriz deituko dugu mobilizazioa. Berriz aplikatuko ditugu Espainiako Estatuak kondenatu dituen eskubideak".

 

Raül Romevak adierazpen hauek egin zituen Espainiako Gobernuaren eta Kataluniakoaren arteko harremanei buruz: "Ezin dugu inozoak izan pentsatuz elkarrizketa mahaia dagoenez arazoa konponduko dela. Baina ezta ere ezin dugu pentsatu arazoa elkarrizketarik gabe konponduko denik. Badugu mahaia. Baliatu dezagun".

 

 
 

Josep Rullek azaldu du nola bizi izan dituzten kartzelan 880 egun horiek. Eta egungo beraien egoeraz adierazi du: "Preso politikoak hasi gara helmuga moduko bat ikusten. Erbestean direnak, ez".

 

Hirugarren graduari helegitea jar diezaioke Fiskaltzak

Uztailaren 2an preso hauei hirugarren gradua ezartzea proposatu zuten espetxeetako tratamendu batzordeek, eta Kataluniako Gobernuak ontzat eman zuen. Baina Fiskaltzak erabakiaren kontrako helegitea aurkezteko aukera du, espetxe zaintzako epailearen aurrean. Hura ere hirugarren graduaren alde agertuko balitz, berriz helegitea aurkezteko aukera izango luke Fiskaltzak eta Espainiako Auzitegi Gorenak izango luke azken hitza.