argia.eus
INPRIMATU
Jordi Cuixart espetxetik atera da asteburua familiarekin igarotzeko
  • Omnium Cultural elkarteak azaldu duenez, espetxetik kanpo egongo den bi egunetan ez du inongo ekitalditan parterik hartuko.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2020ko urtarrilaren 17a
Jordi Cuixart, Lledonerseko espetxetik atera zen unean. Argazkia: Europa Press

Omnium Culturaleko presidente Jordi Cuixartek jada kalean da baimena jaso ostean, eta familiarekin igaroko du asteburua. Ostegun arratsaldez atera zen Lledonerseko (Bartzelona) presondegitik, asteazkenean Kataluniako Generalitateak baimena eman ondoren. Asteburua Lledonerseko tutore bat alboan duela igaroko du.

Omnium Culturalek jakinarazi du Cuixartek ez duela “inolako neurririk hartuko gizarteratzeko edo delitua onartzeko”. Generalitateak baimena Cuixarti ez ezik, Assemblea Nacional Catalanako buru ohi Jordi Sanchezi ere eman dio. Biek ala biek bete dituzte beraien espetxe zigorren laurdena. 2017ko urriaren 16tik daude kartzelan, bederatzi urteko zigorra betetzen.

La Vanguardiak esan duenez, Ciudadanosek iragarri zuen ostegun goizean ikertzeko eskatuko ziola Fiskaltzari. Zalantzan jartzen du bi lider subiranistek baimena lortzeko baldintzak betetzea, eta uste du ez dela betetzen ari "preso guztien arteko berdintasun-printzipioa".