argia.eus
INPRIMATU
Jordaniak derrigorrezko soldadutza ezarri du “Israelgo eskuin muturraren mehatxuaren” aurrean
  • Komunikazio ministro eta gobernuaren bozeramaileak iragarri du neurria. Berehala galdetu diote ea mehatxuren batek bultzatu duen erabakia, eta horri erantzun dio "mehatxua Israelgo eskuin muturretik" datorrela.

Jon Fernández González 2025eko abuztuaren 19a
Jordaniako armadaren argazki bat. Jordaniako armada

Jordaniako Gobernuak iragarri du astelehenean derrigorrezko soldadutza berraktibatuko duela. Neurria sartuko da indarrean 2026ko otsailetik aurrera, "jordaniarren nazio nortasuna indartzea, gazteen izaera osatzea eta armadaren balioak irakastea, dedikazioa eta diziplina barne" dira gobernuaren helburuak. 

2007an jaiotako pertsonak, eta 2026ko urtarrilaren 1 baino lehenago 18 urte betetzen dituztenak batuko dira. Lehenengo fase batean 6.000 gazte batuko dira hiruhileko errondetan; 2.000 gazte hiru hilabetetan behin. Gazteek 100 dinar jasoko dituzte hilabetero, eta mugikorrak eta zuzeneko komunikazioa ez dituzte baimenduak izango.

Kazetariek galdetu diote gobernuko ordezkariari ea mehatxuren batek bultzatu duen neurriaren onarpena. Komunikazio ministroak ondorengoa esan du: "Mehatxua Israelgo eskuin muturretik dator. Palestinan bi estatuen konponbiderako aukerak ahultzen ditu, eskualdeen egonkortasunari eragiten dio, eta, beraz, gure estatua eta erakundeak babestuko ditugu muturreko erokeria horri zuhurtziaz eta arrazionaltasunez erantzuteko".

Soldadutzaren programaren kostua 20 milioi dinarrekoa (24 milioi euro baino gehiago) izango da. Ministroak argitu du ez dagoela kanpo finantzaziorik. Arrazoi hori dela eta, 1990. hamarkadan soldadutza indargabetu zuten, estatuari oso garestia egiten zitzaion eta.