argia.eus
INPRIMATU
Jone Uria Donostian eta Aitor Bizkarra Lizarran nagusituta, erabaki da zein bertsolari arituko diren finalaurrekoetan
  • Urriaren 8 eta 9ko asteburuan jokatu dira lehen faseko azken bi saioak, Donostian eta Lizarran. Jone Uriak lortu ditu puntu gehien Donostiako saioan eta horregatik, zuzenean sailkatu da finalaurrekoetarako. Berdin egin du Aitor Bizkarrak Lizarrako saioan. Dagoeneko lehen faseko saio guztiak jokatuta, ezagutu da zein bertsolari arituko diren finalaurrekoetan: 14 gizon eta 10 emakume arituko dira eta lurraldetasuna aintzat hartuta, Gipuzkoako 12, Bizkaiko 5, Iparraldeko 4 eta Nafarroako 3.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 10a
Donostiako saioan kantatu zuten bertsolariak. Argazkia: bertsozale.eus.

888 lagunek betetako Victoria Eugenia aretoan kantatu zuten urriaren 8an sei bertsolari hauek, eta hona saioaren ostean bakoitzak bildutako puntu kopurua: Jone Uria (706 puntu), Onintza Enbeita (688 puntu), Aitor Etxebarriazarraga (682,5 puntu), Maddalen Arzallus (678 puntu), Eñaut Martikorena (674,5 puntu) eta Beñat Iguaran (659 puntu).

Igandean lehen aldiz jokatu zen Txapelketa Nagusiko saio bat Lizarran. Bertan aritu ziren bertsolariak, eta bakoitzak eskuratutako puntuaketa: Aitor Bizkarra (693,5 puntu), Asier Azpiroz (666 puntu), Maialen Akizu (658,5 puntu), Imanol Uria (652 puntu), Unai Gaztelumendi (630,5 puntu) eta Iñigo Mantzizidor ‘Mantxi’ (622,5 puntu).

 

 

 

Lizarrako saioa. Argazkia: bertsozale.eus

 

 

 

Finalaurrekoetan arituko diren bertsolariak

Sailkapen taulan ikus daitekeenez, Iñaki Apalategi izan da finalaurrekoetara sartzeko langa ezarri duena, 664 punturekin.

Lehen faseko sei saioetan lehenengo postuan egin zutelako zuzenean sailkatu diren sei bertsolariak dira Alaia Martin (738 puntu), Nerea Ibarzabal (738 puntu), Jone Uria (706 puntu), Haritz Mujika (695,5 puntu), Aitor Bizkarra (693 puntu) eta Joanes Illarregi (678 puntu).

Hauekin batera, puntuaketen arabera finalaurrekoetara sailkatu diren 13 bertsolariak dira: Oihana Iguaran (737,5 puntu), Nerea Elustondo (695 puntu), Ane Labaka (694,5 puntu), Julio Soto (691 puntu), Onintza Enbeita (688 puntu), Agin Laburu (685 puntu), Aitor Etxebarriazarraga (682,5 puntu), Maddalen Arzallus (678 puntu), Eñaut Martikorena (674,5 puntu), Saioa Alkaiza (673 puntu), Miren Artetxe (670 puntu), Asier Azpiroz (666 puntu) eta Iñaki Apalategi (664 puntu).

Finalaurrekoetan zain dituzte aurreko txapelketako finalean aritu ziren Amets Arzallus, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre.

Finalaurrekoetatik finalera pasatzeko saiakera nolakoa izango da?

Finalaurrekoetan berriz ere hutsean jarriko dira markagailuak. Sei bertsolariko 4 saio egingo dira, hauexek hain justu:

- Urriak 22an Elizondon

- Urriak 29 Donibane Garazin

- Azaroak 5 Irunen

- Azaroak 12 Durangon

Finalaurreko lehen itzulian kantatuko duten 24 bertsolari hauetatik, puntu gehien eskuratzen dituzten 12 bertsolariak finalaurrekoetako bigarren itzulira sailkatuko dira. Hauek beste saio banatan kantatuko dute, eta finalaurrekoetako bi saioetan lortzen dituzten puntuak gehitu egingo dira. Batura horretatik aterako da finalean Maialen Lujanbiorekin batera arituko diren zazpi bertsolarien zerrenda.

Finalaurrekoetan 14 gizon eta 10 emakume arituko dira eta lurraldetasuna aintzat hartuta, Gipuzkoako 12, Bizkaiko 5, Iparraldeko 4 eta Nafarroako 3.