argia.eus
INPRIMATU
Jone Forcada hil da, militante euskaltzale historikoa
  • Familiak jakitera eman duenez, Jone Forcada hil da Donostian 92 urterekin eutanasiaren protokoloa aplikatuta, berak hala erabakita.

ARGIA @argia 2025eko urriaren 17a
Irutxuloko Hitza / Twitter

Irutxuloko Hitzak jakitera eman duenez, azken urteetan, Duintasunez Hiltzeko Eskubidea mugimenduko kide izan da. Bizitza duinen alde borrokan bizitza osoa eman ostean, heriotza ere halakoxea izan du.

Bizitza osoa eman dio herrigintzari eta euskararen aldeko borrokari. Oso ohikoa zen Donostiako protesta eta ekimenak babesten Forcada ikustea.

Irutxuloko Hitzan Xalba Ramirezek ondu duen artikulu mamitsuan ondorengoa azpimarratu dute Forcadaz, beste hainbat pasarteren artean:

Forcada, magisteritza ikasita, 1955ean, lehenengo ikastolen sortzaileetako bat izan zen. Elbira Zipitria maistra ezagunaren kide izan zen, eta, desadostasunak zituzten arren, biak aritu ziren euskararen aldeko borrokan buru-belarri, bizitza osoan zehar. Franco hil ostean, erbestetik Donostiara itzuli ziren, eta Forcadak lanik lortzen ez zuela eta, Añorgako ijito eskolan aritu zen urte batzuez.

Militante nekaezina

Politikagintzaren lehen lerroa inoiz okupatu ez bazuen ere, Donostiako mobilizazioetan ibili izan denak ezagutu du Jone Forcada. Euskararen alde, euskal presoen eskubideen alde, migratzaileen eskubideen alde, hiri ereduaren kontra… Hendaian bizi izan zenez, berak ondotxo zekien turismoaren eragina zein izan zitekeen. Saiatzen zen hiri ereduari loturiko manifestazioetan parte hartzen, hala nola turismoaren edo Donostiako Metroaren kontrako borrokan.

Euskararen aldeko militante nekaezina izan da azken egunetaraino. Euskal Herrian Euskaraz (EHE) mugimenduaren sortzaileetakoa izan zen, eta kide, bukaerara arte. Bestalde, Bagera euskaltzaleen elkarteko bazkidea eta Mintzalaguna izan da urte luzez. Azken urteotan, mugitzeko zailtasunak zirela eta, Skype bidez egiten zuen mintzapraktika, Nafarroa hegoaldeko euskaldun berriekin.

Senideek azaldu dutenez, azken urteotan, heriotza duinaren aldeko borrokan aritu da, “bizitzaren amaieraren desdramatizazioa” bilatu behar zela sinetsita. “Bizitzaren zikloa beteta”, “amaiera ankerrik” ez zuen nahi Forcadak, eta duintasunez hiltzea, aldarrikapenetik harago, praktikara eramateko apustua egin du. Era berean, Palestinaren aldeko mobilizazioak izan dira parte hartu duen azkenak.

Alvarez Forcada sendia, gordetzen dituzten argazki gutxietako batean. (Argazkia: Alvarez-Forcada sendia)