argia.eus
INPRIMATU
Jon Iurrebaso iheslaria preso sartu du Frantziako Poliziak
  • Frantziako Poliziak astelehen arratsaldean atxilotu zituen Hendaian Jon Iurrebaso eta Manu Azkarate iheslari politikoak. Azkarate aske geratu da, baina Iurrebaso Seysses-eko (Okzitania) presondegian sartu dute preso.

ARGIA @argia 2013ko abenduaren 04a
Jon Iurrebasoren atxiloketa salatzeko elkarretaratzea. (Argazkia Gaizka Iroz / Kazeta.info)

20:30 inguruan atxilotu zituen poliziak auto berean zihoazen Iurrebaso eta Azkarate.

Azkaratek Naiz.info-ri azaldu dionez, Hendaiatik Donibane Lohizuneko polizia etxera eraman zituzten, eta handik Baionako komisaldegira. Polizien jarrera "bortitza" izan zela gaineratu du iheslariak.

Antza, Iurrebaso atxilotzeko agindua Pariseko auzitegi batek eman du, Naiz.info-k dioenez. Albiste agentziek jakinarazi dutenez, Hendaiatik irtetea debekatzen dion epaia bete ez duelako atzeman du poliziak.

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak gogor salatu du atxiloketa: "Urteak dira Ipar Euskal Herrian bizi dela Jon, agerian, bertako gizarte bizitzan erroturik, eta medikuen zaintza pean, eritasun larri bat daukalako". Kolektiboarentzat "ulertezina" eta "onartezina" da preso sartzea.