Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak (EIPK) iheslariak sorterrira itzultzeko garaia dela aldarrikatu zuen joan den larunbatean Arrangoitzen. Dagoeneko bat baino gehiago itzuli dira euren jaioterrietara. Emandako pauso horren inguruan Jon Garmendia iheslari politikoari elkarrizketa egin diote Info7n.
Historian egon diren eta gaur egungo arazo politikoak konpondu behar direla azaldu du Garmendiak, horrek etorkizunean euskal iheslaririk ez egotea ekarriko duela uste baitu.
Iheslarien egoera gai “tabua” bihurtu dela eta telebista eta irrati batzuek isiltasun mediatikoa kudeatu dutela adierazi du: “Ehunka pertsonak larruazalean sufritu duten errealitatea ukatu dute, hori ez dute erakutsi nahi izan”.
Iheslarien itzulera prozesu mailakatua izango dela aipatu du, “ordenatua eta integrala”. Azken iheslaria sorterrira itzuli arte lan egingo dute eta horretarako konponbide politikoa behar dela azpimarratu du: “Estatuek sortutako hormek gure aurka egiten dute talka. Horma horiek pitzatu egin behar ditugu”.
Prozesua martxan dagoela adierazi du, iragarpenaren ostean jada iheslari batzuk jaioterrira itzuli baitira: “Ez dugu nahi isolamenduz pilatuta dagoen errealitate bat, egoera hauek hautsi egin behar dira”.