argia.eus
INPRIMATU
Joko-aretoak Gasteizen: prekarietatea, dudazko aisialdi eredua eta auzoak kaltetuta
  • Gaur egun 27 joko-areto daude Gasteizen eta urte amaierarako beste bost areto zabalduko dituztela jakin berri da asteotan. Judimendiko Gazte Asanbladak euren auzoan dagoen aretoa aztertu du hainbat hilabetez; horrelako espazioek zelako aisialdi eredua eskaintzen duten, zein bezero joaten den eta langileek dituzten lan baldintzen berri izateko. Azterketaren emaitzek espazio horietan egon ohi den errealitate iluna azalerazi dute.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko maiatzaren 02a

Hala Bedik jaso duenez, Gasteizko joko-areto gehienak hiru zatitan daude banatuta: taberna, jatetxea eta jokorako eremua. Oro har, itxura oneko lokalak direla dirudite, argitsuak eta metro karratu askokoak. Judimendiko Gazte Asanbladak, ordea, beste errealitate bat plazaratu du. “Argi horien azpian prekarietatea, kontsumo eredu indibidualista, eta profil jakin bateko berezoak ezkutatzen dira”. Auzoko joko-aretoaren aurkako kanpaina abiaraziko dute datozen asteetan, auzokideen eta ostalarien babesarekin.

Joko-aretoei buruzko txostena egin aurretik, ikerketa fase luze bat egin dute Judimendiko gazteek. Auzoko joko-aretoaren inguruko tabernariei galdetu diete ea nola eragiten dien horrelako espazio bat gertu izateak, bizilagunekin ere bildu dira euren kezkak biltzeko eta joko-aretoetan lan egiten duten langileen lan baldintzak lehen pertsonan jaso dituzte. Horrez gain, lokal barruan orduak pasa dituzte bezeroen jokabideak eta egun arrunt bateko dinamika aztertuz.

Judimendiko joko-aretoen azterketa auzora mugatzen bada ere, problematika Gasteiz osokoa dela azpimarratu dute ikerketaren egileek. Hirian zehar dauden hainbat joko-areto jabe beren esku baitaude eta gainontzeko taberna edo jatetxeek baino pribiligio gehiago dituzte. “Ordutegia malguagoa dute eta oro har, tabernariak kexu dira konpetentzia desleiala egiten dutelako”.

Bezeroei dagokienez, langile klaseko gizonezkoa da profil ohikoena, txanpon-makinetan dihardutenak batez ere. Pertsona mota hauek ondasun gutxi izanagatik ere, joko-aretoek duten apur hori jokoan jartzera bultzatzen dituztela salatu du Judimendiko Gazte Asanbladak. Gainera, adin txikikoen sartu-irtena ohikoa dela esan dute: “Talde txikietan sartzen dira, nahiz eta legez ezin duten horrelakorik egin. Aretoetako arduradunek ez dute ezer egiten arazo honen aurrean”.

Joko-aretoek auzoan zuzenean eragiten dutela ondorioztatu dute.  Istiluak eta droga trafikoa areagotu egin baitira aretoa zabaldu zenetik eta horren lotuta, poliziaren presentzia areagotu egin da, segurtasunaren izenean. Inguruko merkatariei ere “kalte” egiten diotela diote. “Soldata baxuak dituzte eta horrekin prezioak ere ohiko tarifak baino merkeagoak izatea lortzen dute”.