Larunbat eguerdian Judimendik Joko Aretoari Ez dinamikak egindako agerraldian, auzoko joko aretoak itxi egin duela jakinarazi dute. Bi urte daramatzate auzoan negozioaren aurka borrokan.
Pozik agertu dira dinamikako kideak; joko aretoa ixtea lortu dute. Bi urte pasa dituzte dinamikaren baitan lanean. Hilabeteko azken ostegunetan elkarretaratzeak egin dituzte, joko aretoen ondorioen inguruko txostena osatu zuten eta negozio horien aurkako lehen manifestazioa egin zuten Euskal Herrian. Auzokideen artean sortutako sareak eta antolakuntza jarri dituzte balioan. "Ez daukagu inolako dudarik auzo botereaz, antolakuntzaz eta borrokaz lortutako garaipena izan dela hau, eta bilatzen dugun auzo eredura hurbiltzen gaitu". Auzoko beharrak asetzera bidean lanean jarraitzeko gogoz agertu dira gazteak. Joko aretoak berriz ere ateak irekitzeko arriskuaren aurrean, halere, beste behin ere erantzuteko prest daudela argi utzi nahi izan dute.
Judimendiko joko aretoaren aurkako borroka izan zen aitzindaria, baina aurreko ikasturtean negozio horien aurkako dinamikak ugaritu egin ziren Euskal Herrian zehar eta gaiak foko mediatikoan zentralidadea lortu zuen: Eraginek Bilboko joko aretoen mapa atera zuen eta hainbat kanpaina jarri zituen martxan, Errealak joko aretoen publizitatea egiteari buruzko galdeketa egin zuen, "prekarietateari ateak itxi" lanketaren baitan. Ernaik ere salaketa eta ekimenak egin zituen... Gazte mugimenduek jopuntuan jarri dute negozio eredu hori.