argia.eus
INPRIMATU
Jokin Aranaldek “betiko errepresio zurrunbiloan” kokatu du bere atxiloketa
  • Jokin Aranalde Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko bozeramailea elkarrizketatu dute Euskal Irratietan. Espainiak Euroagindua ezartzean, gorde egin zen hilaren 17an Beskoitzen atxilotu zuten arte. Uztaialaren 29az geroztik aske da. Elkarrizketako zenbait adierazpen esanguratsu bildu ditugu.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko abuztuaren 05
“Herri honek badu konponbiderako nahia eta horretan asmatu behar dugu”, adierazi du Aranaldek. (Arg.:kazeta.eus)

Osasunez justu, baina apurka indarrak hartzen eta gertukoekin kontent dela dio Aranaldek. Bermerik gabe aske dago, baina kontrol judizialean, astero joan behar baita epaile aurrera sinatzera. Hilabete batzuen buruan epaiketa izango duelakoan dago, baina ez da segurua: “Fiskalak erraiten badu ez dagoela arrazoi nahikorik epaitzeko, baliteke ez izatea”.

“Kaptazio-lana egitea, jende bati ETAn sartzea proposatu izana da nire akusazioa”, azaldu du. Argudioak oso ahulak direla dio, askatzean fiskalak berak ere onartu zuela esan du.

Ipar Euskal Herrian ia 12 urtez normalitate osoan bizi ostean, Miarritzeko proposamenaren ondotik atxilotzea erabaki politikoa izan dela argi du. Espainiaratzeko Euroagindua ezarri ziotenean, “ihes baino gorde” egin zela dio: “Jende askorekin eztabaidatu osteko erabaki pertsonala izan zen”.

Atxiloketa uneaz galdetuta, momentu “biziki bortitza” izan zela adierazi du Aranaldek. Bere emaztearekin zihoan atxiki zutenean eta honek esandakoa ekarri du gogora: “Ez nuen uste polizia zenik, gu hiltzera edo bahitzera zetozela pentsatu nuen”.

Errepresioaren zurrunbiloa”

“Beti izan naiz abertzalea, militantea eta borrokalaria eta nire ustez, kolpe bat eman nahi zidaten”. Horregatik eta Miarritzeko proposamena “zikintzeko” helburuaren baitan kokatu du gertatutakoa Aranaldek. Frantziako eta Espainiako Gobernuek bake prozesurako borondaterik eza argi utzi dutela dio eta bere atxiloketa, “betiko errepresio zurrunbiloan” sartzeko baliatu dutela.

“Herri honek badu konponbiderako nahia eta horretan asmatu behar dugu”, dio EIPK-ko bozermaileak. “Herria benetan aktibatzeko”, indar politiko eta sozialak irmotasun eta argitasun gehiagorekin bildu behar direla deritzo.