Idiazabal eta Elgoibarko futbol taldeek jarri zuten Manuel Sarrión arbitroaren aurkako salaketa, haien arteko partidan futbolariei debekatu egin zielako euskaraz hitz egitea. Gipuzkoako Futbol Federazioko Lehiaketa-Batzordeak, baina, kasua artxibatu du, hura zigortzeko arrazoi nahikoa ez dagoela argudiatuta.
Noticias de Gipuzkoa egunkariak jakinarazi duenez, gertatutakoari buruzko txostenean, arbitroaren beraren, bere bi laguntzaileen, aipatu futbol taldeetako ordezkarien eta Federazioko kideen bertsioak jaso ditu Lehiaketa-Batzordeak. Zigor-prozedura ez hastea erabaki du azkenean, epaileak emandako azalpena hobetsita, eta ez taldeena.
Ramon Sánchez kazetariak gehitu du Idiazabal eta Elgoibar artekoaren ostean ere Manuel Sarrión epaileak hainbat partida zuzendu dituela, Arbitroen Batzordea jendea "despistazen" saiatu den arren: "Idiazabalgoa gertatu eta astebetera, esaterako, Jubenil mailako partida bat zuzendu zuen, nahiz eta bere izena ez zen ageri jardunaldi horretarako izendatutako epaileen zerrendan".
Bere garaian Idiazabal eta Elgoibarko futbol taldeetako kideek ohartarazi zuten kasua artxibatzeak ekarriko lukeela jendeak halako gertaeren aurrean salaketa jartzeko urratsa ez ematea, ezertarako balio ez duelakoan. Bada, ikusitakoa ikusita...