argia.eus
INPRIMATU
Johnsonen dimisioa eskatu dute, konfinamenduan festa batera joateagatik
  • Erresuma Batuko lehen ministroak barkamena eskatu du parlamentuan, 2020ko maiatzan Downing Streeteko festa batera joateagatik, bi herritar baino gehiago elkartzeko debekua zegoenean; azaldu du uste zuela “laneko ekitaldi bat” zela. Boris Johnsonen kargua kolokan dago, eta baliteke bere Alderdi Kontserbadoreko parlamentarien eskariz konfiantza mozioa egitea.

Leire Artola Arin 2022ko urtarrilaren 13a
Boris Johnsonen aurka agertu dira oposizioko Alderdi Laborista eta bere Alderdi Kontserbadorea ere bai. / Argazkia: UK Parliament, Jessica Taylor.

Erresuma Batuko egunkari guztien azalak hartu ditu gaur, urtarrilak 13, Boris Johnson lehen ministroak eta polemika bizi-bizi dago herritarren nahiz gobernukideen artean. Asteazken honetan barkamena eskatu du Komunen Ganberan Johnsonek, COVID-19 pandemiaren hasieran Downing Streeteko 10. zenbakiko lorategian (lehen ministroaren egoitzan, alegia) egindako festa batean parte hartzeagatik. “Lanari lotutako ekitaldi bat zela uste nuen”, desenkusatu da.

2020ko maiatzan egindako festa bati buruz ari da, hain zuzen Erresuma Batuan bi pertsona baino gehiago elkartzeko debekua zegoen unean. Gutxienez 40 lagun bildu ziren bertan eta 100 pertsona inguruk jaso zuten gonbidapena, Johnsonen idazkariaren eskutik. Hainbat hedabide britainiarrek aurreratu dutenez, sokaren hasiera besterik ez da izan; Gobernuko idazkariorde Sue Gray zuzentzen ari den ikerketa abian dago, argitzeko konfinamenduan Downing Streeten festa gehiago egin ote ziren.

Ikerketa zabalik, kargua zalantzan

The Guardian egunkariak jaso duenez, buruzagi kontserbadoreak ez du barkamena eskatu maiatzeko festagatik soilik, baizik eta oraindik argitaratu gabe dagoen informazio guztiagatik. Ikerketaren emaitzak Gobernuko hainbat goi-kargudunen dimisioa eragin lezake. Hasteko, asteazkeneko aitortzaren ondoren, Johnsonek kargua uzteko eskatu du oposizioko Alderdi Laboristak ez ezik, Johnsonen aldeko Eskoziako Alderdi Kontserbadoreak ere bai.

Keir Starmer laboristen burua gogor mintzatu da Johnsonen aurka eta “lotsarik gabeko gizona” eta “gezurtia” dela esan dio. Bere burua justifikatzeko festa hori laneko ekitaldia zela esan izanak britainiarrak “iraintzen” dituela kritikatu du Starmerrek. Bestalde, Eskoziako kontserbadoreen buruak, Douglas Rossek, zuzenean kargua uzteko eskatu dio, eta baieztatu du gutun formal bat bidali diola parlamentuko kontserbadoreen presidenteari, konfiantza mozio bat eskatzeko. Gutxienez 54 gutun behar dira lehen ministroaren aurkako konfiantza mozioa egiteko, eta hainbat iturrik esan dutenez, litekeena da datozen asteetan lortzea. Ikusteko dago Boris Johnsonek oraindik nahikoa babes duen Erresuma Batuko buruzagi izaten jarraitzeko.