argia.eus
INPRIMATU
AEB eta Mexiko artean harresia eraikitzen jarraitzen du Bidenek isilean, nahiz eta esan ez zuela egingo
  • Amerikako Estatu Batuetako presidentearen gobernuak jarraitu du Mexikoko mugako harresiaren hutsuneak betetzen. Donald Trump presidente ohiak abiatu zuen hormaren eraikuntza aurrera doa, Bidenek presidente izan aurretik proiektua bertan behera utziko zutela hitzeman bazuen ere.

Lide Iraola 2022ko urriaren 06a
Joe Bidenek Mexikoko muga eraikitzen jarraitu du / Argazkia: Courrier International

Donald Trumpek abiatutako Mexikoko harresiaren lanak jarraitu ditu Joe Bidenek, The Economist aldizkariak aditzera eman duenez. Haren arabera, Bidenek harresiaren "metro bat gehiago ere" ez eraikitzeko promesa egin zuen presidentetzarako kanpainan, baina "azkenaldiko migrazio mugimendu handiak" direla eta, "isilpean zuloak estaltzen" jarraitu du.

Courrier International hedabideak bildu ditu aldizkari ingelesaren adierazpenak: "Bidenek badaki ez zaiola komeni obra horien berri ematea, ez dadin erlazionatua izan muga indartzearen ideiarekin". Izan ere, hautesleek Donald Trump presidente ohiarekin lotzen dute migrazioaren aurkako erra. Harresiko lanak zuhurki egin ditu Bidenek, areago azaroko hauteskundeak begi bistan izanik.

Hala ere, beste politikari batzuek albistea baliatu dute presidentearen irudia ahultzeko. Mark Kelly Arizona Estatuko senatari demokratak bere burua zoriondu du "Bidenen gobernuari presio egiteagatik Mexiko eta Arizona arteko muga ixteko".

Harresiaren eraikuntzen berri eman zuen The Intercept aldizkariak irailaren erdialdean. Egun batzuk geroago, aduanetako eta mugetako segurtasun agentziak eman zuten zehaztasun gehiago. "Galdegitean ea harresia kentzea planen barruan ote zuten, ezezkoa izan zen agentziaren erantzuna", gehitu du The Intercept-ek.