Eguna mozten hasten den hilabetea, ekaina. Festa aparretan gabiltza baina xorro-xorro, hau esku artean duzunerako dagoeneko hamalau minutu moztu da egun argia. Gu gure eroan, batzuek bere txoroan, ez gara jabetzen baina landareak bai ederki asko! Eguna mozten hasi da eta ez dio mozteari utziko datorren abenduaren 21 arte, ordurako sei ordu eta hogeita bost minutu laburtuko da egun argia.
Beren energia iturri nagusia den argia gainbehera doala jakitun, neguarekin sufritu egiten duten landare berozaleek loretara emana dute oraintxe bere jaki erreserba, baita hemendik atzera zikloa amaitu arte letorkeen jakitza ere. Loreak eta ondoren furituak eta haziak sortuko dira. Bide nekosoa izango da; urtekoa edo bi urteko ziklo motza dutenentzat azken bidaroa, bukaeraren hasiera.
Bizitza norainokoa duten badakitenez, azken ekinaldi bulkada hori begitan hartu beharko genuke; geurerako ikasteko, apika. Begitan eta sudurretan, izan ere, egun luzeenetako loraldiek zerbait ikusgarria badute, hori usaina da. Topatuko ditugu usain gozokoak, baina baita ere hauts usaina dutenak, ke usainekoak, lur usainekoak, pituitaria erretzen duten ezti gozoegizkoak, sats kirats ederraskokoak, goragalegileak, sudurra K.O. utziko dizutenak, fruituen eulitxoek ez beste inork atsegin ez duten ozpin usain zorrotzekoak, polen usain garbikoak, zorabiatu eta min zuriraino eramango zaituztenak, doministikua ezinbesteko diosala dutenak eta abar. Egun luze, bero eta sargori hauetan, ez da udaberri freskoko lurrin fin-arin festa. Usain nabarmenik ez dutenak ere badira orain, berbena (Verbena officinalis) eta oreganoa (Origanum vulgare), adibidez. Baina nagusi dira lurrin gogor, sarkor eta erasokorrak, sasoiko intsektu berozaleek nahiago dituztenak.
Zakarra da, adibidez, Doniene ukendua egiteko erabiltzen den osagai nagusietakoa: santio-belarra edo hosto-argala (Hypericum perforatum), gure sendabelarrik maitatuenetakoa; baina hankaz gora botatzeko moduko hauts usaina du. Antzekoen multzo horretakoak dira sasoiko lore hauek gehienak: gaztainondoa (Castanea sativa), andura (Sambucus racemosa), arbustu arrunta (Ligustrum vulgare), magnolia lore handia (Magnolia grandiflora), soroerregina edo burdilinda edo nasailora (Filipendula ulmaria), errarnoa (Oenothera biennis), sasi jasmina edo izar jasmina (Trachelospermum jasminoides), txikoria (Cichorium intybus), astalarra edo gardantxa zuria edo kilikia (Dipsacus fullonum), zuhain azenarioa edo zartagin ipurdia (Daucus carota), asta-uraza (Lactuca serriola), astalarrosa edo arkakaratsa (Rosa canina), lezka hostoestua eta hostozabala (Typha angustifolia eta T. latifolia), goilora (Epilobium hirsutum), egur-belarra (Lythrum salicaria), heriotzorria (Nerium oleander), Konstantinoplako akazia (Albizzia julibrissin), Siriako arrosa (Hibiscus syriacus), sanjorge lorea edo txirri-belarra (Centranthus ruber), tximeleta zuhaitza (Buddleja davidii), reinutria (Reynoutria japonica), Txinako xaboi-arbola (Koelreuteria paniculata), kana (Canna indica), agapantoa (Agapanthus umbellatus), izpiliku fina (Lavandula angustifolia), ezkertea (Calystegia sepium), atxaparra (Lonicera caprifolium) eta abar. Horietako asko usaindu nituen lehengoan Euskal Herria Zuzenean festibalerako bidean. Batzuk ezin eraman… Eta horrelako jendetzetan sekula falta ez den usainak ere eraso zidan, patxuliarenak (Pogostemom cablin). Eskerrak Arberatzen eta Zilhekoan dotorezia nabarmena zen etxe eta karpa arteko lore jendetzan eta jende loretzan.
Orain gaua puzten ari da eta loreak ilunpetan soilik irekitzen dituzten landareak ur gaineko bitsetan daude, gau-lorea (Mirabilis jalapa), adibidez. Gazteleraz “dondiego de noche” esaten diote; frantsesez “belle de nuit”. Garai batean Orion hondartza inguruan “putitas“ esaten zioten; gaur, agian, “putitos” izango dira. Hiztegietako “prostitutu” seguru ezetz.