argia.eus
INPRIMATU
Harrera elkarteak euskal gatazkako preso ohien birgizarteratzea bilatuko du
  • Euskal preso ohien birgizarteratzea erraztea du helburu Harrera elkarteak. Pasa den iraileran sortu zen, eta Juan Karlos Ioldi presidenteordea proiektua abian jartzeko motiboez eta egoera sozio-politikoak hartu duen norabideaz aritu da Diario Vasco egunkarian.

Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko otsailaren 18a
Juan Karlos Ioldi preso ohi eta Zuzenbidean lizentziatua (Argazkia: Kazeta.info)

"Ez gaude ezker abertzalearen eztabaida estrategikotik kanpo, eta bere apustuarekin bat egiten dugu: estrategia politiko-militarra agorturik dago; konponbide garaia da, baita preso eta erbesteratuentzat ere", dio Ioldik. "Espetxetik ateratzen zarenean, gizarteak ez du zerikusirik utzi zenuenarekin. Ezker abertzalearen barruan, preso eta erbesteratuak mitifikaturik daude. Lehendabiziko egunetan guztiak zure alboan daude, baina geroxeago ikusten duzu koadrilakoek euren bizitza egin dutela, pertsonak falta zaikizu, ez duzu kotizatu, prestakuntza profesionalik ez daukazu, adinean aurrera egin duzu, etxebizitza arazoak dituzu...".

Ioldiren hitzetan, birgizarteratzeaz termino politikoetan hitz egiten da, eta Harrera elkartea ez da eremu horretan sartzen: "Kartzelan urte mordoa pasa duen pertsona gizartean integratzeari buruz hitz egiten dugu. Zigorra da, are gehiago gure kasuan. Guztiok dugu lesio fisikoren bat".

Alderdi politiko, sindikatu eta bereziki enpresariekin egin nahi dituzten bilerei buruz galdetzean, zehazki haietako batzuek izan ditzaketen errezeloei buruz, indarkeria iraganeko kontua dela dio Ioldik Diario Vascon, eta horrela izan dela onartua kolektiboki: "Atzora arte nire etsaiak zirenekin biltzen naiz. Badakite nor naizen. Eta argi eta garbi esaten diet erantzun armatuak ez direla itzuliko, eta etorkizunera begiratu behar dela, belaunaldi gazteagoek berriro bizi ez dezaten. Eztabaida horretan, torturak aurpegiratzerik ere ez dut nahi, nik ere sufritu nituen arren. Leku onera iristeko egoera ezin hobean gaude".

Etxerat: "Martxoaren 20an Estrasburgok Parot doktrinari buruz hartuko duen erabakiak mugarria jarriko du"

Etxeratek biltzar nazionala egin du asteburuan Leioan. Kolektiboko kideek gogorarazi dutenez, Ines del Rioren kasuaren inguruko ebazpena dela eta, Espainiak jarritako helegitea aztertzen hasiko dira martxoaren 20an Europako Giza Eskubideen Auzitegian. "Guretzat ezinbestekoa izango den mugarri bat jarriko dute bertan", dio Etxeratek. "197/2006 doktrinaren aplikazioa neurri krudela da, eta Estrasburgoko epaiak argi utzi bezala presoen giza eskubideen aurkako eraso zuzena da. Neurri honek euskal preso politikoei bizi osorako espetxe zigorra aplikatzea ahalbidetzeaz gain, senide eta lagunoi ere salbuespeneko espetxe politika baten ondorioak bizi osoan jasatea eragiten digu".