argia.eus
INPRIMATU
Jeunes Agriculteurs sindikatuaren laborantza eredua: deabrua ez baita lo
  • Jeunes Agriculteurs lehendakari ordeak, Céline Imartek, ahoan bilorik gabe agertzen du nolako asmoak dituen bere sindikatak. Guk segituko dugu sinesten laborantzak iraupenaren giltzarekin erabili behar duela naturaleza.

Mikel Hiribarren @syndicatELB 2016ko ekainaren 02a
Traktore baten ondoan, behean, CĂ©line Imart Jeunes Agriculteurs sindikatuaren lehendakari ordea. (Argazkia: La Depeche)

Ez dakit gehiago nolaz gertatzen nintzen joan den otsailaren 8an kazeta saltegi baten aintzinean, bainan gogoan dut egunkari bat hartu nahian ondokoari lotu nintzaiola. Laborarien ekintzak baziren oraino nunahi, hazleak bereziki kexu zirela, eta etxalde itzulietako arroda kautzu ala plaztikazko baxa higatu guziak ongarri eta lurrez nahasirik errebide trabatzeko baliatzen zituztela. Lacroix egunkariak zuen krisia hori egun hortan solasgai nagusi. Bi osto oso baziren hiru hizlarien pentsamoldea agertzen zutenak.

Bazen José Bové mundu guziak ezagutzen duena. Haren aldean Michel Barnier eskuindiarra, laborantzako ministro izana Frantzian, Europako dozierra ongi ezagutzen duena, eta gizon zuhurren lerroan bere alkia ardiesten ari duena. Arrotza ginuen aldiz hirugarren galdezkatua, gaztea bezain argia itxuraz, Jeunes Agriculteurs sindikataren lehendakari ordea, Céline Imart.

Gaitzeko talendua du naski andere hunek solasean bereziki, ikasia baitu politika eta ekonomia erakasten diren goi eskoletan, liluraturik uzten omen dituela entzuleak laborantzako gaia aipatzen duenean. Finantzia aholkulari izanik, Tarn eskualdean duen sort etxaldea berak hartua du burrasoen ondotik eta laborarien ordezkari entzuten da noiznahi, berriki Melenchon-en parrean bezala.

Hau dena ez ginakien irakurri ginuelarik gogo bizian atxiki dugun egunkari hartako solasaldi hura. Gezurra iduri zuen, baina Lacroix ginuen eskutan! Lehenik aitortzen zuen biziki arranguratua zela laborantzaren geroaz, gazteak ez direlako instalatzen eta laborarien %40ak badaukalakotz berrogoita hamar urtez gora... Zion horrela segituz geldituko zirela bakarrik etxalde erraldoiak eta goi mailako sormarkak baliatzen zituzten baserriak.

Gero aldiz haste xintximariak. “...ce qui nous tue, ce sont les idées reçues véhiculées par des personnes qui ne connaissent pas la réalité de nos métiers. D'abord la volonté de mettre la nature sous cloche, de ne plus accepter qu'elle soit au service de l'homme...”. [Hilgarri zaizkigunak dira gure ofizioen errealitatea ezagutzen ez duten pertsonek zabaldutako ideia topikoak. Hasteko, natura halako babesgarri batean gordetzekoa, ez onartuz natura gizakiaren zerbitzuan dela…]

Handik berehala, bigarren ideologia kaltegarria “small is beautiful” dela dio, lau behi eta hiru oilaskoen ilusio hori laborantzaren modelo bezala agertzea, funski trabatzen duena etxalden inbestizamendu eta modernizatze oldarra. Azkenik hirugarren ideologia nagusia, OGM eta pestiziden trabatzea. Badio denetan peztizidak hiltzeraino kaltegarri bezala agertuak direla eta laborariak Monsantoren esku makil edo berdin herritarren hitzaile. “C’est  évidemment faux, mais il n’y a aucun débat serein sur ces questions, ce qui place l’agriculture française en difficulté” [Gezurra da, argi eta garbi, baina ez da eztabaida lasairik gai hauetaz, eta honek ataka zailean kokatzen du frantziar laborantza] bururatzen duela.

Andere hunek ahoan bilorik gabe agertzen du nolako asmoak dituen bere sindikatak. Guk segituko dugu sinesten laborantzak iraupenaren giltzarekin erabili behar duela naturaleza, etxalde ttipi edo artekoak direla lurralde biziaren oinharria, eta jendarteari kalitatezko janaria zor diogula laborariek, garbia bezain sendoa, gure lanak merezi duen irabaziaren truke. Gaineratekoan, lerro hauen irakurleak berak eginen ditu bere gogoetak.