argia.eus
INPRIMATU
Jesus Mari Lasagabaster literatur kritikaria zendu da
  • Atzo hil zen Donostian Txuma Lasagabaster (1931-2013) ikerlaria. Euskal literatur kritikari maila akademikoa eman zion. Filosofia eta Letra doktoretza egin zuen Madrilen eta literatur kritika ikasketak Parisen. Euskal letrak aztertu zituen Europako garaiko teorietatik abiatuta.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko ekainaren 05a
Txuma Lasagabaster ETB1eko Sautrela saioan (Argazkia: basqueliterature.com)

Erreferentziazkoak izan dira haren artikulu eta liburuak, Euskal nobelaren gizarte kondairaren oinarriak (1981) zein La historiografía literaria vasca (1983) kasu. Literatura eta literatur kritika irakasle aritu zen Deustuko unibertsitatean.

Pasa den azaroan, Ibai Iztuetak idatzitako Jesus Mari Lasagabasterrekin hizketan elkarrizketa liburua plazaratu zuen Utriusque Vasconiae argitaletxeak. Koldo Mitxelenan aurkeztu zuten, ikerlariak 81 urte bete zituen egun berean. Hainbat ikasle-ohi bildu ziren bertan, jada nahiko makal zebilen Lasagabaster omenduz.

1987an Josu Landak elkarrizketatu zuen Argia aldizkarian. Bihar arratsaldean izango da hileta elizkizuna, Donostiako Artzain Ona elizan.