Azken aste eta hilabeteetan CAFek jasotako presioaren aurrean, enpresak agiria atera du eta berretsi du Jerusalemgo tranbiak giza eskubideak aintzat hartzeko parametro guztiak betetzen dituela, eta proiektuarekin aurrera jarraituko duela.
CAFek bere webgunean jarritako agiri bidez zehaztu duenez, jakitun da “Jerusalemgo Proiektuarekin lotutako inplikazio juridiko eta etiko” konplexuez, “eta, bereziki, Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioari eta enpresen erantzukizunari dagokienez”. Horregatik, azaldu du, enpresaren barne mailan, nazioartean, zein Espainiako Estatuan ere giza eskubideekin lotutako arau eta legediak zorrotz bete dituela.
CAFek dioenez, “Jerusalemgo proiektua 2019an esleitu zioten TransJerusalem J-Net Ltd. sozietateari. Sozietatea % 50ean Israelgo Shapir Civil & Marine Engineering Ltd (Shapir) eraikuntza-enpresak eta CAFek osatzen dute”. Horren balioa 1.800 milioi eurokoa da, Jerusalemgo Linea Berdea eta Linea Gorrietan eraikitze eta mantentze lanak egiteko kontratua da eta 2027rako amaitzea aurreikusten da. Bi lineen kudeaketa hamabost urterako litzateke eta mantentze lana 25 urterako.
Proiektuaren konplexutasuna kontuan hartuta, CAFek “giza eskubideen babesa eta herritarrei, bereizketarik gabe, komunitate guztientzat funtsezko azpiegitura eskaintzearen arteko oreka arreta handiz zaintzea” du helburu; eta horretarako, NBEk “Gatazken Eraginpean dauden Testuinguruetarako Behar Adinako Arretaren Gidak” guztiz betetzen dituela dio.
Edozein kasutan, aldez aurretik jakinarazi du, aurten NBEk leku gatazkatsuetan aritzen diren enpresen zerrendan aterako duela CAF, baina erakundeak berak aurreratu duenez, horrek ez duela inolako “kalifikazio juridikorik ezartzen” enpresak leku horretan duen jarduerarekiko.
Jerusalemgo kontratua sinatu aurretik, CAFek lege azterketa zorrotza egin zuela dio, “prestigio handiko aditu independenteei egindako kontsulten bidez. Adituek berretsi zuten ez zegoela CAFek Proiektuan parte hartzetik eratorritako ez-betetzerik”. Versaillesko Apelazio Auzitegia ere ondorio berera iritsi dela ziurtatu du.
Agirian zehazten denez, “Espainian eskumena duen Administrazioko zerbitzu juridikoek” ere baieztatu zuten proiektua bat zetorrela nazioarteko legeriarekin. 2022an, halaber, Espainiako Gobernuko ministerioen arteko batzorde batek berretsi zuen, CAFen jardunean ez zela “inolako legezko ez-betetzerik edo eskubideen urraketarik identifikatu” eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen (ELGA) irizpideak betetzen zirela.
Palestinarrei mesede egiten die
CAFek dioenez, maiz aztertzen du Jerusalemgo proiektuaren egoera eta “orain arte, ez da giza eskubideen urraketarik edo aurkako inpakturen bat gertatu denik identifikatu”. Aitzitik, proiektuaren inpaktua positiboa da biztanleen artean, “komunitate zaurgarrienei mesede egiten die” eta batez ere “komunitate arabiarrek erabiltzen dute”. Halaber, “langileen %25 arabiarra da” eta proiektuak “ziurtatzen du garraio-sistema edonorentzat irisgarria izatea eta kartelak eta seinaleak eleaniztunak (arabiera eta hebreera barne) izatea”.
Beasaingo enpresak “integritate, erantzukizun, eta gardentasun estandarrik handienekin jarduteko konpromisoari eusten dio”, bai eta “etikarekin eta Giza Eskubideekin zerikusia duen” edozein gairi “lehentasunezko jarraipena egiten jarraitzeko konpromisoari ere”.