argia.eus
INPRIMATU
Ibai Iturria Garmendia, mendi gidaria
“Jende asko ez da modu egokian joaten mendira, kezkagarria da”
  • Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.

Euskalerria irratia @fm983irratia Miren Mindegia 2025eko abuztuaren 21

Mendiko istripuen %99 giza akatsengatik eta planifikazio faltagatik gertatzen dira. Hala eman du aditzera Guardia Zibilaren Mendi Zerbitzuak plazaratu duen azken txostenean. Datuak larriak dira: urtarrila eta uztaila bitartean, estatu mailan 1.050 pertsona artatu behar izan dira 689 erreskatetan. Denbora tarte berean, 87 pertsona hil dira.

Turistifikazioak eragindako errealitate honen atzean dauden arrazoiak ugariak dira. Ibai Iturria Garmendiak, Garmendi mendi-gidaritza enpresaren kudeatzaileak, halaxe azaldu du: "Ezjakintasuna eta ekipazio okerra, besteak beste. Askotan sare sozialak erabiltzen ditugu informazio iturri gisa, jakin gabe nolakoa den bidea, gure maila fisikorako egokia den edo ez... Eta horrek gertatzen ari diren kasuak ekartzen ditu ondorio gisa".

Udara eta oporraldi garaiarekin, egoerak muturrera jo du. Horren erakusle da Pirinioetako kasua. Abuztuko lehenengo asteburuan soilik 17 eskuhartze egin behar izan dira, bero-kolpeengatik, lesio txikiengatik eta desorientazio kasuengatik. "Ezin gara Pirinioetara joan etxe ondoan dugun mendixkara joaten garen modu berean. Garaiera handiko mendiak dira, meteorologia beste bat da... Kontutan hartu beharreko gauzak dira".

Mendian arduraz, segurtasunez eta kontzientziaz aritzeko, gakoetako batzuk zeintzuk diren argitu digu mendi gidariak, tartean ibilbidea aldez aurretik prestatzea, norberaren maila fisikorako egokiak diren irteerak egitea, ekipazio egokia erabiltzea, aurreikuspen meteorologikoari kasu egitea eta kokapenaren berri ematea. 

Mendian hasteko, profesionalen laguntza

Mendizaletasunean hasi berriak direnentzat, profesionaletara jotzea gomendatzen du Iturriak. Hala, berriki martxan jarri duen proiektuaz  mintzatu da. Garmendin, adin desberdinetara egokitutako irteera eta jarduerak prestatzen dituzte. "Lan handia dago guzti honen atzean, gauza asko aurreikusi eta antolatu behar direlako, baina pozik nago proiektuak izan duen harrerarekin". Dagoeneko zeharkaldi desberdinak egin dituzte, tartean uztailan Marokora egindakoa: "4167 metroko garaiera duen Toubkal mendira igo ginen, eta oso esperientzia polita izan zen. Arduraz ere jokatu behar da horrelakoetan, izan ere ez gaude ohituta garaiera horietara, aurreko prestakuntza lan bat egin beharra da". 

Hainbat irteera eta zeharkaldi prestatu ditu hurrengo hilabeteetara begira. Tartean, irailean Panticosa eta Benasquera (Pirinioak) irteerak antolatu ditu, eta urrian asteburuko bi zeharkaldi eginen ditu, Baztango bailaran bata eta Aizkorri-Aratzeko mendilerroan bestea. Informazio eta xehetasun guztiak Instagrameko kanalean zein Garmendiren webgunean ikusi daitezke.