Ehunka lagun mobilizatu dira asteazken arratsaldean Gasteizko Alde Zaharreko kaleetan barrena, Korda espazioaren desalojoaren aurka. Manifestazio amaierako hitzartzean, goizeko desalojoan ertzainek buruan zauritu duten Kordako kidea jada etxean eta "ondo" dagoela adierazi dute. Ertzaintzak erabili duen "biolentzia" ere salatu dute: "Jabetza pribatua beste ezeren gainetik babesten dutela erakutsi dute".
Asteazken goizak aurrera egin ahala espazioaren desalojoa ekiditera joan ziren herritarrak gero eta gehiago izan ziren arren, ezin izan zuten Gasteizko Kordaren desalojoa eragotzi. Kordako kide Haize Agirrek desalojoa nola gertatu den azaldu zion ARGIAri. Agirren arabera, desalojoaren aurka espazioaren itxita zeuden hamar pertsonak aterarazi zituen Ertzaintzak atea rotaflexarekin apurtu eta gero. Hamar lagunek pintura bota zuten beren gorputz gainera orduan, lokalaren atean, eta haien aurka egin zuten ertzainek, "biolentzia handiz, borrak erabilita". Kordako kideetako bat buruan zauritu zutela azaldu zuen Agirrek, eta Ertzaintzak ospitalera eraman zuela furgoneta batean. Kideo hori atxilotuta eraman zuten komisariara ondoren, eta arratsaldeko 17:00ak aldera utzi zuten aske.
Hori guztia salatzeko mobilizazio jendetsua egin dute asteazken arratsaldean Gasteizko Alde Zaharreko kaleetatik barrena, Autodefentsaz, lotu Korda auzora lelopean. "Desalojo bat, beste okupazio bat" aldarria izan da manifestariek gehien oihukatu dutenetako bat. Jada sarrera tapiatuta duen Korda espazioaren aurrean eman diote amaiera manifestazioari, Kordako kideen hitzartzearekin: desalojoan ertzainek buruan zauritu duten kidea etxean eta "ondo" dagoela jakinarazi dute.
"Poliziaren eta gure bizilagunak etxegabetzen dituztenen gorrotoa sentitu dugu", adierazi dute Kordako kideek. Horrez gain, desalojoa gauzatzeko Ertzaintzak hamabi orduz ezarritako dispositibo poliziala salatu dute: "Zortzi furgoi, drone bat eta bi patruila alde batetik bestera uneoro. Korda baino balio ekonomiko handiagoa du horrek, eta erakusten du jabetza pribatua beste ezeren gainetik babesten dutela".
Udala eta 21 Zabalgunea, erantzule
Korda espazioko erabiltzaileek apirilean jakin zuten Gasteizko Udalak espazioa husteko agindua helarazi zuela, eta maiatzean ezagutu zuten horretarako data: ekainaren 4a. Gasteizko Udalaren 21 Zabalgunea sozietatea ere hizpide izan dute mobilizazio amaierako hitzartean, haren jabetzakoa baita espazioa: "Berresten dugu ez dagoela erdibiderik euren jabetzaren eta gure bizitzen artean. Beren jabetzek gure bizitzei etengabe eraso egiten dienez, guk haien jabetzei eraso egiten jarraituko dugu".