argia.eus
INPRIMATU
Aurrekaria Hego Amerikan
Boliviako presidente auto-izendatu zen Añezi hamar urteko espetxe zigorra, estatu kolpea ematea egotzita
  • Asteburuan aurrekaria ezarri dute Bolivian estatu kolpea ematen saiatzen direnentzat, hamar urteko espetxe zigorra ezarriz Jeanine Añez senatari ohiaren, Williams Kaliman Indar Armatuetako komandante ohiaren eta Yuri Calderon Poliziako komandante ohiaren aurka.

ARGIA @argia 2022ko ekainaren 13a
Añez Mirafloresko espetxean, duela urtebetetik preso dago.

"Memoria, Egia eta Justizia berreskuratzeko lehen urratsa egin dugu, estatu-kolpe gehiagorik ez gure herrialdean", adierazi du Boliviako Justizia eta Gardentasun ministro Ivan Limak kazetariei egindako adierazpenetan, Prensa Latina agentziak jaso duenez.

Hamarkada bateko espetxeratzea ezarri diete aipatu hiru pertsonei eta lau urtekoa Jorge Elmer Fernández eta Sergio Orellanaren aurka, hiru Jorge Pastor Mendietaren aurka eta bi Flavio Gustavo Arceren aurka.

Aurretik, Aire Armadako eta Armadako komandante ohi Gonzalo Tercerosek eta Palmiro Jarjuryk, hurrenez hurren, haien erruduntasuna onartu zuten eta hiru urteko espetxe zigorra ezarria zieten.

Oposizioko lider Carlos Mesak epaiaren atarian eskatu zien Europar Batasunari eta nazioarteko beste erakundeei esku-har zezaten, bere hitzetan, Evo Morales boteretik kentzea ez baitzen estatu kolpea izan, "baizik eta segida bat", sucesión, gaztelaniaz.

Boliviako Justizia Sailaren arabera, alderdi guztien eskubideak eta bermeak errespetatu dira, eta prozesu egokiaren ondorio izan da epaia.

"Nahiz eta gezurrak esan, tranpak egin, inkluso esan gaixo edo hilzorian zegoela, justiziak estatu kolpean boterea asaltatu zuten Añez eta bere konplizeak zigortu ditu. Hamar urteko espetxe zigorra zigor onbera da demokraziari eragin zioten kaltearekin konparatuta", idatzi zuen Evo Morales agintari ohiak Twitterren.