Jean-Jacques Prebende, Gabadiko laboraria: “Etxeko olio botoilak Lurraman atxeman daitezke”

  • Jean-Jacques Prebendek Gabadin (Nafarroa Beherea) eguzkilorea lantzen du azken zazpi urteotan, hazitarako artoa utzirik. Lorearen haziz egindako turto edo opilez elikatzen ditu behiak eta prentsaturik ateratzen dien olioa hein batez traktorea mugiarazteko darabil. Nouste-Ekilili kooperatibakoekin batera mahairako baserriko olioa merkaturatu dute.


2014ko azaroaren 14an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33

Zure etxaldea aurkezten ahal daukuzu?

Ene etxaldea, Aphatia, Gabadin da. Orotarat 42 hektara lur baditut. Horietan 11,5 hektara arto ekoizten dut eta 4 hektara iduzkilore. Gaineratekoak pentzeak dira. Behi haragitakoak hazten ditut, 47 ama eta 30 miga ditut. Hiruetarik bat xuxenki saltzen dut, izan ahatxe (orotarat 15 bat urtean) ala behi gizen (zortzi urtean). Behi guziak gizentarazten ditut, kolitan [paketetan] saltzen dituztanak eta makiñunari [tratalariari] saltzen dituztanak ere.

Nola hasi zinen iguzkilore ekoizten?

Ni 2007an hasi nintzen. Ordu arte, arto hazitakoa egiten nuen. Urte hartan borrokan arizan ginen koperatifarekin prezioarengatik. Arto hazitakoa utzi nuen, urtatzea ere. EHLGrekin abiatuak ziren kolza eta iduzkilili [eguzkilore] entseguak. Ikusiz turtoa [aziendentzako opila edo orea] ateratzen ahal ginuela, ni ere abiatu nintzen. Ordu artio, turtoa erosten nuen, kasu eginez OGMik gabe izan zadin, bainan garantia horren ukaitea ez zen errex.

Zaila dea kultura [labore] horren kausitzea?

Ez beste bat baino gehiago. Errexago da ere. Artoan baino hunkailu gutiago ezartzen da. Urtatze beharrik ez du. Rotazione batean sartzen da. Aurten, urte humia [hezea] izan da, artoarendako ez terriblea, bainan iduzkililiak uzta ona ukan du halare (bataz beste 25 qt/ha biltzen da) . Galdegiten duen lana da bihia garbi atxiki behar dela, ez baitugu dena batean tinkatzen ahal. Gero tinkatzea zaindu behar da. Boteiletan ezartzea pixka bat luze da. Bainan arto hazitakoa baino aise lan gutiago da. Artoarekin, ainitz aldiz alorrean pasatu behar ginuen.

Turtoa erabil errexa dea?

Tinkatu eta hola hola prest da behieri emaiteko. Turto erosia bezain untsa jaten dute. Ardidunak ohartuak dira ardiek etxeko turtoa biziki maite dutela (%28ko azota heina du). Biarnoko gure lagun batek, 12 hektara iduzkilili ekoizten du eta dena Euskal Herriko artzaineri saltzen.

Preseski talde bat zirezte...

Bai Nouste Ekilili koperatifa sortua dugu 2009an, 20 bat laborari gira Amikuzen, Senperen, eta Biarnoan. Gure ekoizpenean hiruetarik bi turtoa da eta gaineratekoa olioa. Trakturrean erabiltzen dugu olioa, gazoilari nahasiz % 30ean. Edozoin motorretan erabiltzen ahal da. Olio ainitz izanki, nola baliatzen ahal ginuen xekatu dugu. Bizi Garbia sindikatarekin solasean hasi ginen, Mixel Lahetjuzan, Senpereko laboraria, sindikateko kide baitzen orduan, hautetsi bezala. Kontratua sinatu zuten gurekin olioaren erosteko, beren kamionetan erabiltzeko, gazoilari nahas. Beste salbidea Itsasoa proietuaren bidez dugu. Ziburuko bi itsasuntzik gure olioa erabiltzen dute, Europar proietu baten baitan (lagunduak dira hortarako). Hastapenetik jateko olioaren ekoiztea xedeetan ginuen ere. Aski konplikatua da, ainitz analisa eta norma baitira eta proietuaren abiatzeko ainitz informazio bildu behar baitzen. EHLGko Lucie eta Biarnoko ABDEAko Doris animatzaileen laguntzarekin abiatu dugu xede hau, Akitaniak, departamenduak, Adour Garonne ur agentziak dirustatzen dutena.

Zer forma hartu du?

Jateko olioa boteiletan eta bidoinetan ezarri dugu aurten, 5 pintakoak eta pinta batekoak, kolzan eta iduzkililian. Koperatifak erosi du hortarako behar den tresna. Jaz merkatu estudio bat egin ginuen, kolegio, ostatu, zahar etxe eta gisa hortako tokien itzulia eginez. Duela 3-4 aste, kolegioetan ibili gira. Denak ados dira erraiteko olioa biziki ona dela, gustua badu (erosten den olioari usaina kendua zako kimikoki). Lizeo eta kolegioetako sukaldariak ikusi ondoan, hamar batek izena eman dute interesaturik, ikusiko zer emanen duen. Lehen kontratua Garaziko Navarre lizeoarekin sinatua dugu, 350 pinta hartuko dauzkigute.

Zuen olioa erosi nahi balu norbaitek, nun atxeman lezake?

Hemen, ene etxean dira botoilak! Saltegi zonbaiten itzuliaren egiten ari gira. Anartean Lurraman atxeman daitezke botoilak, eta kultura haueri lotua  dagon informazio guzia. Iduzkilili olio botoila litroko 4 eurotan saltzen dugu, kolza botoila 4,5 eurotan. Kolektibitateendako, bost pintako bidoina, litroa 2,5 eurotan saltzen dugu, kolza 3 eurotan.

Araudi batzu finkatuak dituzue ekoizpenari buruz...

Bai, araudi edo “cahier des charges” baten finkatzen ari gira jateko olioari buruz. Hunkailu eta tratamendu hein apala ezarri dugu, alor batean hiru urtetarik baizik ez da ekoizten ahal iduzkililia, bihiak garbi eta idor (% 9ko humitatea) izan behar du tinkatu aintzin... Kriterio horiek guziak ez badira beteak, ez da jateko olioa izaiten ahal.

Zure etxaldean, kultura horrek zer ekarri dauzu?

Turtoa badugu etxean, nahiz oraindik pixka bat erosi behar dutan, 12-15 behi gizentarazten baititut urtean. Etxeko turtoaren abantaila da, ukaiteaz gain, badakigula nola egina den. Etxeko turtoa saltzen dutenek tonako 300 euro inguru saltzen dute, hots mementoko merkatuko prezioan, edo doi bat apalago. Ene etxaldean, lurrak estatu hobean ditut, rotazione gehiago egiten dut.

Ekonomikoki abantaila da hunkailu gutiago erabiltzen dutala, etxeko hungarri eta pizarekin aski dut. Tratamendu gutiago egiten dut ere eta karia hortarat MAET (Mesure Agri-environnementale Territorialisée) laguntzetan sartu ahal izan niz, fertilizazioa eta pestizida ttipitzeagatik. Lanaren aldetik, biziki ttipitu zaut artoari konparatuz, udako sasoin betean bereziki. Kultura huni interesatzea aholka nezake beste laborarieri.

Iduzkiloreak agertu direlarik Gabadin, auzoek zer zioten?

Eroendako hartu gituzte. Turtoaz pixka bat jakinean ziren, bainan ez olioa trakturrean ezartzen ahal zela adibidez. Orai ikusten dute martxan dela, arto hazitakoa egin gabe ere bizi girela. Orai arte, artoa kario zen. Orai apaldu da. PACak gutienez hiru kulturaren egitea manatzen du ere oraitik goiti. Pixkanaka jendea jinen da iduzkilili eta kolzarat. Batzuk galdegiten daukute jadanik nola egiten den.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Laborantza
2024-04-11 | Estitxu Eizagirre
Otxantegi Herri Lurraren II. urteurren jaia
"Otxantegiko lur emankorrak ezin dira porlan azpian geratu, arnasgunea izan behar dute"

Apirilaren 13an egitarau indartsua prestatu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuaren II. urteurrena ospatzeko. Apirilaren 18an, aldiz, bigarren desalojo saiakeraren mehatxua izango dute gainean eta herritarrei dei egin diete proiektua defendatzera joateko. Kideetako... [+]


2024-03-18 | Garazi Zabaleta
Nekazariak eskolan
Eskola ezin bada baserrira igo, baserria jaitsiko da ikastetxera...

Hamar urte baino gehiago daramatza martxan Arabako Nekazariak Eskolan proiektuak, Hazi fundazioak zenbait ekoizlerekin elkarlanean bultzatzen duena. Haur eta gaztetxoak nekazal mundutik geroz eta deskonektatuago bizi diren garaiotan, inoiz baino beharrezkoagoa da elkar... [+]


Nafarroako nekazaritza-ekoizpen ekologikoak lurren %25 kudeatu nahiko lituzke 2030ean

Nafarroako sektore ekologikoa egonkor mantendu da azken urtean eta nekazaritza ekoizpena %5 handitu da. Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak erronka du 2030. urterako: lurren %25 ekologikoa izatea. "Bide horretan ari gara lanean, ahalik eta nekazari eta... [+]


Semilla y Belarra elkartea sortu dute Nafarroako O6 nekazarien mugimendutik

Aste honetan sortu da elkartea eta datorren astelehenean, hilaren 18an, laborarien sindikatuek Jose Mari Aierdi kontseilariarekin izango duten bileran egongo da.


2024-03-14 | Leire Artola Arin
EAEko nekazaritza lurren %5ak soilik dauka ziurtagiri ekologikoa

Gorantz egiten ari da nekazaritza ekologikoko eredua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Ekolurra Kontseiluak baieztatu duenez, baina Europako Itun Berdeak 2030erako helburutzat duen %25etik urrun dago oraindik.


Eguneraketa berriak daude