Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne Ministroa eta Javier Maroto Gasteizko alkatea Madrilen elkartu ziren asteazkenean. ETAren biktimen memoriala Gasteizen egitea adostu dute.
Espainiako Barne ministerioak prentsa ohar baten bidez adierazi du Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri dela, baita PSOErekin ere, “adostasun” batera iristeko asmoz.
Memorialaren kokalekua Gasteiz izatea aztertu zen PSE Jaurlaritzan zegoenean. Negoziazioak bertan behera geratu ziren ordea, Urkulluk lehendakaritza hartzearekin batera, Espainiako Gobernua ez zelako prest agertu Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzarako Idazkari nagusiarekin gaia eztabaidatzeko.
2011an onartutako Terrorismoaren Biktimen Aitorpen Legeak derrigortzen du Memorialaren kokapena EAEn egon dadin.