EHUk, aldiz, azaldu du ezinezkoa dela hitz emandako 40 plaza berriak eskaintzea, ez baitute horretarako baliabiderik. Plaza berrien kopurua pixkanaka areagotzeko asmoa erakutsi du EHUk.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila “kezkatuta” agertu da 2025-2026 ikasturtean EHUko Medikuntza Fakultatean ez direlako espero beste euskarazko plaza sortuko. Osasun Sailak azpimarratu du aurreko errektoretza taldearekin euskarazko 40 plaza berri hitzartu zituela; ikasturte berrian, aldiz, 16 baino ez dira eskainiko. Murrizketa horrek, %60koa, hezkuntza eskaintzaren “kalitatearen murrizketa” ekarriko duela adierazi du Osasun Sailak.
EHUk oharra kaleratu du, eta adierazi du euskarazko plazen igoera hori ez dela “bideragarria”, “kalitatezko irakaskuntza” bermatu nahi baldin bada, behintzat, unibertsitateak ez baitu horretarako behar beste baliabide. Dena den, EHUk datozen ikasturteetan plaza kopurua handitzeko asmoa berretsi du .
Euskarazko plaza berriak sortzea egungo legegintzaldi hasieran hitzartu zen. Hitzarmen horretan, Medikuntzan 400 plaza eskaintzea lortu nahi zuten, eta euskarazko eta gaztelaniazko plazak parekatzea: egun 200 plaza daude gaztelaniaz, eta 168 euskaraz.