argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzaren Guztion Artean sarea auzoetako babes sareetara ari da bideratzen heltzen zaizkion kasuak
  • Otxarkoagako Elkartasun Sarearen kasua adibidetzat jarrita, Karlos Renedok Twitter bidez salatu du Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako sarea kasuak auzoetako sareetara bideratzera mugatzen dela.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 26a
(Argazkia: Eusko Jaurlaritzaren Enplegua eta Gizarte Politika saila)

Martxoaren 17an jarri zuen martxan Guztion Artean sarea Eusko Jaurlaritzak, koronabirusak eragindako egoeraren aurrean bakarrik eta babesik gabe aurkitzen direnei laguntza eskaintzeko. Guztion Artean sortzearekin batera, auzo eta herrietan sortuak ziren elkartasun sareak arbuiatu zituzten; “Elkartasuna esperientzia duten instituzioen bitartez antolatu behar da, arrisku gehiago ez sortzeko”, zioen Osakidetzak mezu batean. Karlos Renedok Twitter bidez salatu duenez, ordea, Guztion Artean kasuak auzoetako sareetara bideratzen ari da.

Salatutakoa frogatzen duen adibide gisa, Otxarkoagako Elkartasun Sareak izandako esperientziaz mintzatu da Renedo. Azaldu du martxoaren 20rako martxan zela Jaurlaritzaren zerbitzua menpekoak eta “asintomatikoak” ziren pertsonentzat, eta jendeari eskatzen zitzaiola boluntario gisa erregistratzeko, “era antolatuan laguntzeko”. Hala bada, Otxarkoagako Elkartasun Sareak egun horretan jasotako kasuak Guztion Artean sarera bideratzea erabaki zuen.

Erabaki hori hartuta, Gurutze Gorrira dei egin zuten saretik. Egun horretako kasuan pasako zizkietela aditzera ematean, baina, Bilboko udal zerbitzuetara bideratu zituztela azaldu du; udal zerbitzuekin kontaktua egitean, aldiz, erantzun zieten Otxarkoagako kasuren bat heltzen zaienean Otxarkoagako Elkartasun Sarera bideratzen dituztela. “Momentu honetan artatzeko gaitasuna dutenak auzoetako taldeak dira”, helarazi zieten udal zerbitzuetatik.

Auzoan kasu positiboen berri izan zutela eta materialik eskuragarri ba ote zen galdetzerakoan, eskaintzekorik ez zeukatela adierazi zieten udal zerbitzuetatik; “Guk gurea erosi dugu”, erantzun omen zieten. Protokoloei dagokienez, berriz, dauzkatenak jarraitzeko gomendioa jaso zuten. Gauzak horrela, plataforman boluntario gisa erregistratzearen zentzuaz galdetu zuten Otxarkoagako Elkartasun Sareko kideek. “Zuen kasuan ezertarako ez, estatistikak osatu eta datuek publikatzeko”, erantzun zietela adierazi du Renedok. “Horrela ixten da Eusko Jaurlaritzaren antolatutako laguntza zirkulua”, salatu du.

Renedok azpimarratu duenez, Guztion Artean sarea Gurutze Gorriak eta Caritasek sostengatzen dute, horiek izanik boluntariotza antolatzeko gaitasuna bermatzen diotenak ekimenari. “Eusko Jaurlaritzarentzat auzolana marka bat da, ez praktika bat”, azpimarratu du.