Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deitutako greba astearen atarian dator Hezkuntza Sailaren mugimendua. Ostegunean bilduko dira sindikatuak eta Hezkuntza Saila, bertan ezagutaraziko du sailak proposamen zehatza, baina zenbait eduki aurreratu ditu asteartean Begoña Pedrosa sailburuak. Ratioak jaistea, irakasle kopurua handitzea edo "bidezko ordainsari proposamena" dira, besteak beste, landuko dituzten auziak. Steilas sindikatuak hitzak eta ekintzak bat etortzea eskatu du.
Gobernu kontseiluaren bilkuraren ostean egin ditu adierazpenak Pedrosa sailburuak. Bertan jakinarazi du ostegunerako deitu dituela sindikatuak negozioazio mahaira (astelehenean erregistratu zuten greba deialdia sindikatuek, eta salatu zuten apirilaren 10etik ez zutela jaso biltzeko deialdirik sailaren partetik). Jaurlaritzak negoziazio mahaira proposamen berria eramango duela iragarri du. Ziurtatu du helburua "akordioa ahalik eta azkarren" lortzea dela, eta "bere esku dagoen guztia" egiten ari dela. Proposamen "berri, bideragarri eta on bat" dela azpimarratu du.
Proposamenaren nondik norakoak
Prentsaurrekoan aurreratu ditu Pedrosak Jaurlaritzaren proposamenaren zenbait eduki, besteak beste: Lehen Hezkuntzako ratioak jaistea, ikasgela bakoitzeko 22 ikasle izan arte; ikastetxe publiko guztietan irakasle kopurua handitzea, "hezkuntza, ongizate emozionala eta iritsi berri diren ikasleen eta hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen harrera eta erantzuna hobetzeko"; edo "beharrizan handiagoak" dituzten ikastetxeak indartzea.
Hizkuntza proiektuetarako aholkularitza handitzea proposatuko dutela ere iragarri du Pedrosak, "ikasleen hizkuntza-gaitasunak hobetzen eta arrakalak murrizten laguntzeko". Eta, azkenik, "irakasleentzako bidezko ordainsari-proposamena, eta testuinguru zorrotzenetan edo konplexuenetan lan egiten duten irakasleentzako berariazko errekonozimendua". Gainontzeko proposamenak ostegunean aurkeztuko dituztela jakinarazi du, eta negoziaketak aurrera egiteko sailaren "borondate eta konpromiso irmoan" berretsi da.
Steilasek hitza betetzea eskatu du
Steilas sindikatuko ordezkari Haizea Arbidek Hezkuntza Sailaren adierazpenei erantzuna eman die. Adierazi du ahoz esaten dena, gero idatziz bete behar dela, Berriak jaso duenez: "Ez da lehen aldia neurri batzuez hitz egiten dutena eta, gero, idatzizko proposamenean agertzen ez direna". Hezkuntza Sailak albistea iragartzeko izan duen modua "oso larria" dela salatu du. Bere esanetan, sailak "diskrezioa" esaktzen die sindikatuei, baina gero hedabideen bitartez jakinarazten ditu bere proposamenak "inolako kontrasterik gabe".