argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta EPPk euskararen hitzarmena berritu dute
  • Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak, Nafarroako Foru Komunitateko Herritarrekiko Harremanetarako Kontseilari Ana Ollok eta Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakari Antton Curutcharryk sinatu dute akordioa ostiral honetan Baionan.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 22a
Argazkia: Irekia

Lurralde bakoitzaren errealitate politiko eta soziolinguistikoa kontuan hartuta egin da hitzarmena, Eusko Jaurlaritzako Irekia atariak azaltzen duenez, “beti ere, legeek lurralde bakoitzari ematen dizkioten eskumenen esparruan”. Hiruen arteko lehen hitzarmena 2017an sinatu zen Iruñean.

Hitzarmenak euskararen sustapenean lankidetza bultzatzeko helburua du eta, besteak beste, hezkuntza, helduen euskalduntzea, euskararen erabilera, ikerketak edota euskarari buruzko gogoeta zehazten ditu.

Irakaskuntzan, esaterako, “ikasleen mugikortasuna eta goi mailako ikasketak beste lurralde baten egin nahi dituzten ikasleentzat unibertsitateko edo eskoletako sarbide aukerak eta moduak aztertuko dira”.

Helduen euskalduntzean elkarlanean arituko dira euskararen gaitasun-maila ebaluatzeko eta egiaztatzeko probak eta sistemak diseinatzerakoan. Aisialdian, kirolean, ingurune digitalean, arlo sozioekonomikoan dauden euskarazko baliabideak eta esperientziak aztertu eta partekatuko dira.

Ikerketa soziolinguistikoaren arloan, berriz, datuen bilketa elkarlanean egitea zehazten du hitzarmenak, beti ere euskararen eremu osorako bateragarriak eta, aldi berean, lurralde bakoitzeko hizkuntza politikak egituratzeko baliagarriak izateko.

Hitzarmena 2021-2025 urteetarako egongo da indarrean. Urtean behin bilduko den batzorde mistoa eratuko dute Baionan hitzartutakoaren jarraipena egiteko.