argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzak murrizketak iradokita, berriz piztu da zerga-erreformaren eztabaida
  • EH Bilduk dio Bizkaiko eta Arabako ogasunek diru gutxiago biltzea, EAJren zerga-politikaren “porrota” litzatekeela. Gaur emango dituzte bilketa datuak Euskal Finantza Kontseiluan.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2015eko urriaren 14a
Erkorekak derrigorrezko ikusi du aurrekontuetan "doikuntzak" egitea, aldundiek diru gutxiago bildu dutela baieztatzen bada (arg: Irekia) Erkorekak derrigorrezko ikusi du aurrekontuetan \"doikuntzak\" egitea, aldundiek diru gutxiago bildu dutela baieztatzen bada (arg: Irekia)

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azken egunetan askoren ahotan dabilen hipotesi bat baieztatzeko urrats berria eman zuen astearte goizean, gobernu kontseiluaren ostean: baliteke Bizkaiko eta Arabako aldundiek aurten diru gutxiago bildu izana, eta horrekin, Erkorekaren esanetan “derrigorrezkoa” izango litzateke datorren urteko aurrekontuetan “doikuntzak” egitea.

Erkorekak “murrizketa” hitza erabiltzea saihestu du, ez ordea oposizioko alderdiek eta eragile sozialek. “Erabat faltsua da murrizketak egitea ezinbestekoa dela”, esan du ELAk Erkorekari erantzunez kaleratutako oharrean.

Sindikatuaren ustez Urkulluk politika antisoziala darama aurrera, defizitaren muga bete eta zor-publikoa ordaintzeari “lehentasuna” ematen diolako, fiskalitatearen gaiari “behar bezala” heldu beharrean: “ELAk kontuak eskatu dizkie euskal gobernuei eta aldundiei, hauek uko egiten badiote diru-sarrerak hobetzeko zerga-politikari”.

Zerga-politikaren eztabaida berriz mahai gainean kokatu dute Erkorekaren hitzek. EH Bilduk EAJ egin du diru gutxiago biltzearen arduradun: “Erkorekak esan duena da EAJk sustatu duen zerga politikak porrot egin duela eta horren ondorioak, hau da, murrizketak, euskal herritarrek pairatuko dituztela”, dio koalizio abertzaleko legebiltzarkide Leire Pinedok.

EH Bilduk esan du ostegunean Legebiltzarrean egingo den eztabaidan “Gipuzkoan ezarri den eredua” aintzat hartzen duen zerga erreforma egitea proposatuko duela.

Euskal Finantza Kontseiluaren datuen zain

Asteazkenean arratsaldeko 16:00etan Euskal Finantza Kontseilua izango da. Bertan biltzen dira Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako aldundietako ordezkariak, Eusko Jaurlaritza eta Eudel. Kontseiluaren bilkuraren helburua da aldundietako ogasunek aurtengo diru-sarreren lehen datuak ematea, Eusko Jaurlaritzak aurrekontuen lehen zirriborroa egin dezan.