argia.eus
INPRIMATU
Guraizeak Donostia 2016raino iritsi dira
  • Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak %77 jaitsiko du Donostia 2016ko Europako kultur hiriburu izateko proiektuarentzako diru-laguntza. Espainiako Gobernuak ez du diruz lagunduko. Diputazioak esan du ekimena kinka larrian dagoela.

ARGIA @argia 2013ko martxoaren 01
Donostia 2016k %77ko murrizketa izan dezake.

Bost erakundek parte hartzen dute Donostia 2016ren finantzazioan: Europar Batasuna, Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala. Bostetik bik ez dute hitz emandako dirua aurrekontuetan sartuko, Garan Nagore Belastegik argitaratu duenez.

Bestelako murrizketak eta erantzunak

Jaurlaritzak hurrengo aurrekontuetan egin asmo dituen murrizketen datu zehatz gehiago ere argitaratzen ari dira prentsan, EAJk gainontzeko alderdiekin izan dituen bileren ondoren: EAEko Gobernuak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailean aurrekontua %10 murrizteko asmoa du, baina atal bakoitzean, ehunekoak diferenteak dira.

Hezkuntzan jaitsiera %7koa izango litzateke (kontuan izanda iaz sail berean ikerkuntza ere bazegoela). Hizkuntza Politikan eta Kulturan %22ko jaitsiera espero da, iaz baino 59 milioi euro gutxiago. EITBk %20ko murrizketa izango luke, iaz baino 33 milioi gutxiago. Gobernuak lehentasunezko sailtzat hartu ditu Osasuna, Hezkuntza eta Enplegua eta Gizarte Politika. Honela banatuko lirateke diruak:

Osasuna: %4 gutxiago, 136 milioi euro gutxiago.

Enplegua eta Gizarte Politika: %24 gutxiago, 222 milioi gutxiago.

Hezkuntza: %7ko jaitsiera, 185 milioi euro gutxiago.

Lehentasunezkotzat jo ez duten Lurralde Antolaketa Sailean: %22koa, iaz baino 229 milioi euro gutxiago. 

Erreakzioak

Garikoitz Goikoetxeak Berrian jaso ditu datuak argitaratu ostean Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiaren adierazpenak, baita Ander Iturriotz Euskal Idazleen Elkarteko presidentearenak ere. Bilbaok uste du murrizketok “eragin zuzena” izango dutela euskararen normalizazioan. Iturriotzek berriz, adierazi du “euskal nortasuna” ez dagoela EAEko agintarien lehentasunen artean.

Ildo bereko hausnarketa egin du Iñaki Petxarromanek ere, Berriako bere zutabean: "Oso adierazgarria da gobernu abertzale batek herri baten bizkarrezurra den hizkuntza biziberritzeko atala lehentasunezkotzat ez jotzea, eta bai berriz mahai gainean dagoen azpiegiturarik faraoikoena. Logika horretan azkar iritsiko da, agian, herri honen garapen logistikoa —nahiz eta hori ere eztabaidagarria izan—; baina, herriaren nortasunaren oinarri den hizkuntzarik gabe, etorkizunaren trena galduko du Euskal Herriak. Eta tren hori ez da berriz pasatuko".