argia.eus
INPRIMATU
Frackingaren aurkako ekimen legegilea eztabaidatu gabe arbuiatzea salatu du Fracking Ez Arabak
  • EAJk eta PPk asteartean frackingaren kontrako Herri Ekimen Legegilea (HEL) atzera botatzean izandako jarrera salatu du Fracking Ez Arabak komunikatu batean. Ekimena lehen fasean arbuiatu dute, hau da, Legebiltzarrean eztabaidatu aurretik. Hasiera batean, EH Bilduk bakarrik bozkatu zuen alde, eta behin helegitea aurkeztuta PSE-EE gehitu zitzaion.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko otsailaren 28a
Fracking Ez Arabak 30.000 sinadura bildu zituen frackingaren kontra (Argazkia: equo)

Fracking Ez Arabak dio EAJri eta PPri ez zitzaiela komeni HELak aurrera jarraitzea. Izan ere, nabarmendu dute alderdi horiek ez dutela milaka sinadurek babestu dutenaren kontra egitearen “kostu politikoa” ordaindu nahi. Erakundearen arabera, orain arteko jarrerak erakusten du EAJk eta PPk frackingaren aldeko pausOak ematen jarraitu nahi dutela. Alderdi horiek diote ez dutela ekimena onartu Arabako Foru Aldundia antzeko proposamen bat aztertzen ari delako.

Bestalde, azpimarratu dute Herri Ekimen Legegileak ez direla “herri mugimenduei egiten dieten oparia”, eta behintzat, Legebiltzarrean eztabaidatu beharko liratekeela. Fracking Ez Arabak gaur argiago du “zeintzuk diren seinalatu beharreko jarrerak eta desegin beharreko diskurtsoak” eta adierazi du ez dutela amorerik emango.