Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak adierazi du oraingoz ez dutela neurririk hartuko kasuaren inguruan, "gauzak ondo edo gaizki egin izanaren inguruko segurtasun edo ziurtasunik" ez duten bitartean. Ertzaintzaren agenteek eraso egin zioten emakumea "indarrik gabe" dagoela azaldu du Naiz Irratian haren izebak, ZIUan bizpahiru egun ingresatuta egon ondoren.
Duela hiru aste baino gehiago gertatu bazen ere, azken egunetan zabaltzen ari da otsailaren 1ean Donostiako Manterola kaleko diskoteka baten atarian gertatutakoa: Donostiako 32 urteko Karen Daniela Ágredok ZIUan amaitu zuela, garuneko edema bat eta parenkima barneko hematoma bat atzemanda, Ertzaintzaren agente batzuk haren aurka oldartu ostean. Emakumearen familiak El País egunkariaren Kolonbiako edizioari astelehenean deskribatu zion gertatutakoa.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak ostegunean iragarri du oraingoz ez dutela neurririk hartuko kasuarekin lotuta. Emakumearen osasun egoera "delikatua" bada ere, argudiatu du oraindik ez dakitela ziurtasunez gau hartan zer gertatu zen. Zupiriak azaldu du Segurtasun Sailaren ardura dela Ertzaintzaren esku hartze guztiak "ezarritako prozeduraren" arabera gauzatzea, eta zehaztu du Manterola kaleko gertakariaren inguruko hiru ikerketa jarri dituztela martxan, auzia argitzen laguntzeko.
Ágredok salatu zuenez, diskoteka baten atarian bere bikotekideak beste gizon batekin eztabaida bat izan zuen, eta ondorioz Ertzaintzak atxilo eraman zuen mutil-laguna. Emakumea agenteei kexatzen hasi zenean, horietako batek bultza egin, buruarekin lurra jo eta konorterik gabe utzi zuen. Diskoteka horretako langile baten testigantzaren arabera, lurrean konorterik gabe zegoela agente batek emakumea kolpatzen jarraitu zuen.
Segurtasun sailburuak ez du ezer gehiago zehaztu hiru ikerketa horien inguruan, soilik emakumea ertzainen aurkako "erresistentzia eta eraso" bat egotzita eraman zutela polizia etxera.
Garunean bi kirurgiaren zain
Naiz Irratiari eginiko adierazpenetan, Ágredoren izeba den Marling Palaciosek adierazi du agenteek bere iloba konorterik gabe zegoela eraman zutela polizia etxera, eta ez zuela osasun arretarik jaso ordu batzuk geroago Donostiako ospitalera eraman zuten arte. Ziegan zegoela esnatu zenean, ezkerreko oina eta ezkerreko eskua ez zituen sentitzen, paralisi txiki bat zuen ahoan, eta ezkerreko begia eta ahoa pixka bat desbideratuta zituen.
Izebak azaldu du "hobetzen" ari dela bere osasun egoera, nahiz eta oraindik ez duen berreskuratu indarra bere ezker eskuan eta oinean. Bi kirurgia egin behar dizkiote oraindik, garunaren ezkerreko nahiz eskuineko aldeetan. 5 eta 12 urteko bi alaba ditu Ágredok.