argia.eus
INPRIMATU
Sañu Bizirik: “Statkraft enpresari alfonbra gorria jartzetik, herri presioari esker udalak parke eolikoari helegitea jartzera igaro dira”
  • Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailak ingurumen baimena ukatu dio Piaspe egitasmoari, Statkraft enpresak Azpeitia, Zestoa eta Errezil artean eraiki nahi dituen errotek eta argindarra garraiatzeko azpiegiturek eragingo luketen kalteengatik. Maite Segurola Sañu Bizirik taldeko kideak adierazi du "poztasunez" hartu dutela Jaurlaritzaren ebazpena: "Egiaren eta auzotarren garaipena da".

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko abuztuaren 12a
Statkraft multinazional norvegiarrak munduan dituen parke eolikoetako bat. Statfrakft

Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demokratikorako Ministerioak atzera bota zuen urtarrilean Statkraft enpresak Aramaio (Araba) eta Eskoriatza (Gipuzkoa) artean eraiki nahi zuen Itsaraz parke eolikoa. Bada, multinazional norvegiarrak beste kolpe bat jaso du astelehenean: Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailak ebatzi du Statkraftek Azpeitia, Zestoa eta Errezil artean eraiki nahi duen Piaspe parke eolikoa "bideraezina" dela, ingurumenean eragingo lituzkeen kalteengatik. 

Jaurlaritzaren iritziz, parke eolikoa egin nahi duten mendialdeak "ingurumen sentiberatasuna" du, eta "arrisku handia" dute hegaztiek enpresak eraiki nahi dituen erroten eta argindarra garraiatzeko azpiegituren aurka jotzeko. Hortaz, "ingurumen ebaluazioa oinarritu behar den prebentzio beharrean oinarrituta", txostenean "kaltegarritzat" jo dute Piaspe parke eolikoa. Statkraftek egin asmo duen egitasmoa 205 metro garaierakoak izango diren bost aerosorgailuk osatuko lukete, eta denera 33 MW-ko potentzia izango luke.

Proiektuaren ingurumen inpaktuaren aurkako adierazpena "ontzat" jo dute Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo Udalek astelehen gauean, hiru udalerriek argitaratutako ohar bateratuan. Adierazi dute energia proiektu guztiek hiru baldintza nagusi bete beharko lituzketela, eta Statkraftek euren udalerrietan egin nahi duen parke eolikoak ez duela lehena betetzen: "Ingurumen babeserako bermeak eta ekosistemen zaintza". Gainera, hiru udalek azaldu dute "energia trantsizioaren aldeko konpromiso irmoa" mantenduko dutela.

"Egiaren eta auzotarren garaipena"

Piaspe egitasmoa duela hiru urte aurkeztu zutenetik, haren aurka gehien jarduten duten taldeetako hiru Errezil Bizirik, Txilarramendi auzo elkartea eta Sañu Bizirik izan dira. Hain zuzen, azken horretako kide Maite Segurolak adierazi dio ARGIAri telefono bidez Jaurlaritzaren ebazpena "poztasunez" hartu dutela: "Azpeitiko Udalak eta Statkraftek aurkeztu zutenetik, bagenekien proiektua ezin zela mendialde horretan egin".

Gainera, Segurolak adierazi du ingurumen ebaluazioak agerian uzten duela azken hiru urteetan Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako Udalek eduki duten bilakaera: "Enpresari alfonbra gorria jartzetik, herri presioari esker proiektuari helegitea jartzera igaro dira". Beraz, adierazi du erabakia "zoriontasunez" hartu dutela, "egiaren eta auzotarren garaipena" baita. Halere, Sañu Bizirik taldeko kideak esan du bihartik aurrera "borrokan" jarraituko dutela, gogorarazi baitu eskualdeko mendietan haize errotak eraikitzeko proiektu gehiago martxan daudela: esaterako, Oleta mendialdean lau aerosorgailu jarri nahi ditu Green Capital Development 65 SLU enpresak, horietako bat Azkoitiko lurretan. 

Udalen "azpijokoa" salatu dute

Aipatutako Errezil Bizirik, Txilarramendi auzo elkartea eta Sañu Bizirik taldeek agerraldia egin dute astelehenean, Azpeitian, eta salatu dute parke eolikoaren proiektua aurkeztu zutenetik, Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako Udalak "azpijokoan" aritu zaizkiela auzotarrei: "Informazioa ezkutatu da eta adierazpen askatasunari eraso egin". "Herritarren lanari, mobilizazioari eta kemenari esker", ordea, egitasmoari ateak itxi zaizkiola ospatu dute prentsaurrekoan: "Guk hasieratik defendatu ditugun irizpideak hartu dira aintzat, eta makroproiektu hau gelditzeko balio izan dute".

Piaspe proiektua gelditzutat eman daitekeenean, hiru taldeek gogorarazi dute "nor, non eta norekin egon den" azken hiru urteetan: "Zenbaitzuk hasiak dira jada alea jasotzen, baina guk argi daukagu hiru urte luze hauetan zein aritu den etenik gabe lanean". Eurez gain, "natur kontserbazioaren alde aspalditik lanean ari diren eskualdeko talde eta elkarteak, mendizale taldeak eta proiektuari hasieratik ezetz esan dioten herritar guztiak" nabarmendu dituzte. Amaitzeko, "krisi ekologiko betean, lurraldea defendatzeko beharra" aldarrikatu dute hiru taldeek: "Ezin dugu onartu lurraldea eta landa eremua multinazionalen eta inbertsio funtsen mesedetan modu horretan desjabetzera datorren ustezko energia trantsizioaren errelato inposatu hau". 

Sañu Bizirik plataformak asteartean egindako prentsaurrekoa.