argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzaren inkesta baten arabera, EAJk lortuko luke EAEn ordezkari gehien Espainiako hauteskundeetan
  • Eusko Jaurlaritzak argitaratu duen boto-aurreikuspenaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan EAJk sei diputatu lortuko lituzke apirilaren 28ko Espainiako hauteskundeetan, PSE-EEk lau, EH Bilduk eta Unidas Podemosek hiruna eta PPk bi.

ARGIA @argia 2019ko apirilaren 03a
Aitor Esteban EAJko diputatua. Jaurlaritzaren inkestaren arabera, Bizkaian EAJk lortuko lituzke ordezkari gehien.

Martxoaren 25etik 28ra bitartean galdetu zitzaien EAEko 1.500 laguni euren boto-asmoari buruz. Horietan oinarrituta, bi emaitza argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzak. Batetik, zuzeneko boto-asmoari dagokiona –inkestan jasotako datu gordinak, inolako doikuntzarik gabe– eta bestetik, Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabinetean landutako “boto estimazioa”.

Bigarren horretan, jasotako erantzunei aplikatu zaie aurreikusten den erroldaren gaineko abstentzioaren ehunekoa, baita ordezkaritza lortzeko boto kopuru minimoa ere, hori lortzen ez dutenak “besteak + zuriak” kategorian sartuz.

Herrialdeka, Arabako berdinketak deitzen du arreta: %34,5eko absentzioa aurreikusiz, EAJk, PSE-EEk, PPk eta Unidas Podemosek diputatu bana lortuko lukete eta EH Bildu ordezkaritzarik gabe geratuko litzateke inkesta honen arabera. Nolanahi ere, diferentzia handiak daude zuzeneko boto asmoaren eta Jaurlaritzak egindako estimazioaren artean: lehenbiziko datua baino altuagoa da bigarrena kasu guztietan, baina PSE-EEren eta Unidas Podemosen kasuan gehiago handitzen da.

Bizkaian, %31,5eko absentzioa aurreikusiz, EAJk lortuko lituzke ordezkari gehien inkestaren arabera: hiru diputatu. Atzetik luke PSE-EE birekin eta ordezkari bana lortuko lukete Unidas Podemosek, EH Bilduk eta PPk. Arabako kasuan bezala, zuzeneko boto-asmoaren eta estimazioaren artean diferentzia nabarmenak daude, batez ere jeltzaleen, PSE-EEren eta Unidas Podemosen alde.

Gipuzkoan berriz, %33ko abstentzioa izango dela kalkulatuz, EAJk eta EH Bilduk bina eserleku lortuko lituzkete eta PSE-EEk eta Unidas Podemosek bana. Aurreko kasuetan bezala, zuzeneko boto-asmoaren eta estimazioaren artean alde nabarmenak sumatzen dira: lehenbiziko datutik bigarrenera ia zortzi puntu gorago kokatzen da EAJ, EH Bildu ia bost gorago eta PSE-EEren eta Unidas Podemosen kasuetan ia bikoiztu egiten da lehenbiziko datuaren eta bigarrenaren arteko diferentzia.

Jaurlaritzaren arabera, inkestaren lagin-errorea %5ekoa da Arabako kasuan, %4,1ekoa Bizkaian eta %4,5ekoa Gipuzkoan.