Cerdán auziari loturiko Servinabar sozietatearekin eta Antxon Alonsoren beste hemeretzi enpresarekin kontratu publikorik izan ote den jakiteko aztertu ditu EAEko gobernuak azken hamar urteetako esleipenak. Antxon Alonsok Espainiako Senatuko talde politikoen galderak erantzuteari uko egin dio.
Eusko Jaurlaritzak, hilabete bakarrean, azken hamar urteetako 606.684 esleipen publiko aztertu ditu, jakiteko ea loturarik egon den Cerdán auzia-n inplikaturiko Servinabar enpresarekin, baita haren jabe den Antxon Alonsoren beste hemeretzi enpresarekin ere. Azaldu duenez, esleipen bat bera ere ez zaie egin Elgoibarko enpresariaren sinadura horiei guztiei.
Horrez gain, auzi horri loturiko Koldo auzia-n ikertzen ari diren enpresa eta Aldi Baterako Enpresa Elkarteei (ABEE) egindako esleipenak ere aztertu ditu Jaurlaritzak. EAEn, guztira 2.022 esleipen publiko egin zaizkie enpresa eta ABEE horiei –Lakuako administrazioaren kasuan, 739 esleipen– hamar urteotan, baina, esan duenez, kasu honetan ere ez du "irregulartasunik" aurkitu horietako bakar batean ere.
Guztira, EAEn 2.022 esleipen publiko egin zaizkie 'Koldo auzia'-ren txostenean agertzen diren enpresa eta ABEEei hamar urteotan, baina, Jaurlaritzak esan duenez, ez du "irregulartasunik" aurkitu horietako bakar batean ere
Imanol Pradales lehendakariak duela hilabete inguru esan zuen auziari loturiko enpresei egindako adjudikazio publikoak "xehetasunez" aztertuko zituztela. Hala, ehunka mila kontratu gainbegiratu dituzte, 30 egunetan.
Senatuan hitzik ez
Antxon Alonso Espainiako Senatuan hitz egitekoa zen astearte honetan, momentu honetan espetxean den Santos Cerdán PSOEko antolakuntza idazkari ohiarekin zuen erlazioa azaltzeko. Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboko (UCO) txosten batek eraman du Alonso egoera horretara. Txosten horren arabera, Servinabar enpresaren %45 Cerdánen jabetzakoa da.
Alonsoren deklarazioak ikusmina sortu du, Servinabar enpresaren bidez Nafarroan egosi zelako, ustez, ustelkeria kasu larria, Cerdán eta Koldo García PSOEko aholkularia inplikaturik daudena, besteak beste.
Baina Alonsok ez die senatuko talde politikoen galderei erantzun. Argudiatu du esan beharrekoa esan duela auzia daraman Auzitegi Goreneko epailearen aurrean eta ez dituela gauza berak errepikatuko.
Hala ere, hainbat taldetako ordezkariek galdera zaparrada egin diote, eta galderetan baieztatzen ziren hainbat konturi ñabardurak egiteko soilik erantzun du enpresariak.