Arantza Tapia Ingurumen sailburuak Hondakinen Prebentziorako eta Kudeaketarako Planaren (2030 HPKP) zirriborroaren gako nagusiak aurkeztu dizkie Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundiei urtarrilaren 25ean. Zabortegietara doazen hondakin ez-arriskutsuen %85 "berrerabiltzea" da helburua, eta ondorioz, zabortegietara doan kopurua %15eraino murriztea (2010. urteko datuak hartuta erreferentzia gisa). Izan ere, EAEko zabortegietan dagoen lekua baino handiagoa beharko du industriak epe horretan. Horrez gain, EAEn sortutako hondakinak %30 murriztu nahi ditu plan honek. Baina ez du aurreratu horiek guztiak lortzeko neurri zehatzak zein izango diren. Aldundiek aztertuko dute plan hau eta ondoren jarriko da publiko, herritarren eskura.
Euskadiko Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketa Planak datorren hamarkadan EAEn jarraitu beharreko estrategia markatuko du. Jaurlaritzaren webgunean ikus daiteke aurkezpenaren berri. 2030erako helburu hauek ezarri ditu: %30 murriztea sortutako hondakin tasa; hiri-hondakinen gaikako bilketa %85koa izatea; hondakin ez-arriskutsuen %85 berrerabiltzea "eta, hala, bigarren mailako material bilakatzea", eta zabortegietara doazen hondakinak %15 baino gutxiagora murriztea.
"Kalkulatzen da datozen hamar urteotan plana betearazteak 97 milioi euroko inbertsioa ekarriko duela" iragarri du Tapiak.
Tapiak, "gertakari" hitzarekin definitu duen Zaldibarko zabor-jauziaren eta Mutiloako eta Larrabetzuko zabortegiak itxi ondoren, azaldu du aktibo dauden hamar zabortegietan hondakin ez-arriskutsuak isurtzeko ahalmena 4.000.000 m3 ingurukoa dela. Eta plan honen aurreikuspenaren arabera, "Euskadiko ekonomiak 2030era arte 7.500.000 m3 isurtzeko ahalmena beharko du". Horregatik, Tapiak dio "hondakinen isurketa pixkanaka egungo %37tik 2030eko %15era murrizteko, egungo zabortegiak egokitu" egin beharko direla. Jaurlaritzak "egungo isurketa nahasiaren operatiboa aldatzea planteatzen du, eta zabortegi horiek biltegi bihurtzea, non hondakinak ordenatuta biltegiratzen diren etorkizunean aprobetxatzea errazteko".
Igor Susaeta kazetariak Berrian jaso duenez, Tapiak aurkezpenean hiru modu azaldu zituen leku falta horri aurre egiteko: Batetik, zabortegi publikoren bat "handitzea edo hobetzea". Bestetik, "zabor geldoetarako" zabortegiak "transformatzea", horiek hondakin ez-arriskutsuetarako zabortegi bilakatuz. Kazetariek galdetu zioten ea jada ba ote dakiten hori zer zabortegitan egin ahal izango duten, eta Epele (Bergara) —itxita dago uneotan— eta Gardelegi (Gasteiz) aipatu zituen Tapiak. Eta bolumena handitzeko hirugarren modua litzateke "handitzeko gaitasuna" duen zabortegi pribatuetakoren bat handitzea, "horretarako beharra egongo balitz".
Planak ezarri dituen helburuak lortzeko, neurri hauek iragarri ditu Tapiak:
- Isurpena gutxituko duten eta hondakinak bigarren mailako material gisa berrerabiltzea sustatuko duten lehentasunezko inbertsioak.
- 2030era arte Euskadiko isurpenaren autosufizientzia bermatzea eta, paraleloki, isuria murriztea, hondakinetarako azken aukera gisa.
- Legegintza-garapenak egitea hondakinen arloan (esparru-legeria, erabilera berriak gaitzeko eta isuria debekatzeko dekretuak, etab.).
- Hondakinen isurpen- eta errausketa-kanona aktibatzea, Estatuko legeriarekin bat etorriz, hondakin bat isurtzea birziklatzea baino merkeagoa izan ezin delako premisarekin.
- Ikuskaritzako eta zehapenerako baliabideak areagotzea, hondakinak kudeatzeko instalazioen egokitzapena eta funtzionamendu egokia bermatzeko.
- Agregakinak, lurralde eta bigarren mailako bestelako lehengaiak biltegiratzeko eta haien kalitate-kontrola egiteko instalazio publiko-pribatua sortzea; haren bidez, besteak beste, berrerabilerarako materialen gaineko kontrol handiagoa egin ahalko da.
- Hondakin plastikoetarako behin betiko irtenbideak bultzatzea, hondakindegietan ez uzteko.
- Lehentasunezko hondakinetatik datozen bigarren mailako materialen erosketa publiko eta pribatu berdea sustatzea.
- Ontzien goi-kalitateko berrerabileraren eta birziklapenaren prebentzioan eta sustapenean lan egitea.
- Aldundiekin eta Osalanekin elkarlanean, egiturazko fibrozementu suntsitua biltzeko eta kudeatzeko plana prestatzea eta herritarren esku egotea.
"Eskuragarri dauden azken zifra" moduan eman zituen Tapiak 2018koak. Horien arabera, EAEn urte horretan 6.089.377 tona hondakin sortu ziren. Horietatik %55 hondakin ez-arriskutsuak izan ziren; %20 eraikuntzako eta eraispenekoak; %20 udal-hondakinak eta %5 hondakin arriskutsuak.
Jaurlaritzaren arabera, horietatik %1 baino gutxiago berrerabiltzeko prestatzen da; %57 birziklatu egiten da; %6 "energetikoki balorizatzen" da (erretzen dute), eta %37 batez ere zabortegietan pilatzen da.
2018an Barne Produktu Gordinaren milioi bat euro bakoitzeko 79 tona hondakin sortu ziren EAEn, eta 2010ean 95 milioi tona; alegia, %17 murriztu da.