argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzak 1,5 milioi euro emango ditu Gernikako Astra sormen lantegi bihurtzeko
  • Gernika-Lumoko (Bizkaia) Astra arma fabrika zaharra zaharberritu eta Sormen Lantegi bihurtzeko proiektuak Eusko Jaurlaritzaren laguntza ekonomikoa izango du.

2011ko abenduaren 30a
Gernikako Astra eraikina

Blanca Urgell Kultura Sailburuak atzo bisitatu zuen eraikina eta bisitaren ondoren hedabideei igorritako prentsa-oharrean adierazi zuenez, “estrategia aldetik, funtsezkoa da euskal gizarte osoarentzat, neurriz egindako inbertsioen bidez pabilioi industrialak eraberritu eta erabiltzea, era horretara, sortzaileek eta kreatzaileek eurek kudeatuko dituzten guneak erabilgarri egon daitezen”.

Astra eraikina Gernika-Lumoko Udalarena da gaur egun, baina 2005ean herriko Ieup! gazte asanbladak okupatu zuenean, jabetza pribatukoa zen artean. Desalojo baketsuaren ondoren, 2006an erosi zuen Udalak; gero, prozesu parte-hartzailea abian jarri zen herritarren artean fabrikaren barruan egin beharreko jarduerak eta antolamendua adosteko. Prozesua martxan zegoela jakin zuten Astrako koordinadorako kideek Jaurlaritzaren planen berri: Bizkaiko Foru Aldundiak defendatzen duen Urdaibaiko Guggenheim berriaren proiektua baino, nahiago zuela Sormen Lantegiak bultzatzea, tartean Astra zaharberrituz. Ibilbide horretan aurreneko urratsa eman du atzoko diru-laguntzarekin. 

- Irakurri 160. Larrunen Leire Lopez Ziluagak Astraren prozesuari buruz idatzitako artikulua: Astra, esperientzia parte-hartzailea.